Sopelako Udala - Sopelak Surf Business Meeting ekimenaren V. edizioa hartuko du urriaren 7tik 9ra

Sopelak Surf Business Meeting ekimenaren V. edizioa hartuko du urriaren 7tik 9ra


Bosgarren urtez, Sopelako Udalak, Enplegu eta Ekonomi Sustapen Sailaren bitartez, Surf Business Meeting ekimena jarri du abian, surfaren eta irristatze-kirolen sektoreko tokiko profesionalak eta pertsona ekintzaileak inspiratzeko eta laguntzeko.

Surf Business Meeting ekitaldiak surfaren industriarentzat gaurkotasuna eta interesa duten ekimenak eta gaiak programatu nahi ditu, jardunbide egokien trukea eta erakusketa sustatuz, erreferentziazko profesionalen arteko ponentzien eta topaketen bidez.

Programazioa

Urriaren 7an, osteguna, Bizkaiko surfaren, itsasoaren eta irristatzearen sektoreko enpresa eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutako masterclass profesionala ospatuko da Getxon.

Urriaren 8an, ostiralean, Kurtzio Aretoak Europako industria eta Pierre Rollet eta Lucia Villegas bezalako punta-puntako surflarien hitzaldi dinamiko, ireki eta praktikoak hartuko ditu.

Larunbatean, hilak 9, irristatze kirolen arloan emakumeen lidergoa sustatzeko eguna izango da. Horrela, Roll it Girls taldeak Surf Business Meeting egutegiarekin eta proposamenarekin bat egingo du.

Sare sozialetan saltzea, Covid osteko kontsumo-joerak edo gero eta gehiago eskatzen den naturako turismoa eta surfeko glamping-a izango dira, protagonista propioekin, bertatik bertara ezagutuko diren gai eta kasu arrakastatsuetako batzuk. Etorkizuneko erronkei nola aurre egin, surfaren industrian ekarpenak egiteko eta hazteko enpresa txiki eta ertainen eskura dauden tresnak, baliabideak eta konponbideak ezagutzea eta berritzailea eta jasangarria izatea, landuko diren beste gaietako batzuk izango dira.

Programatutako jarduera guztietan parte hartzeko izena aldez aurretik eman beharko da surfbusinessmeeting.pro.

Sendotzea

"Surf Business Meeting aukera paregabea da ekintzaileentzat eta sektoreko enpresentzat, ezagutza handitzeko eta beren proiektuak garatzeko harreman interesgarriak ezartzeko", adierazi du Teresa Fernandez Sopelako Udaleko Enplegu eta Ekonomi Sustapeneko zinegotziak. "Era berean, ezagutza-trukea eta surfaren sektoreko eragileak taldekatzea bilatzen du, baita industriaren balio-kate osoa ere: ekoizleak, ondasunen eta zerbitzuen hornitzaileak, banatzaileak, ezagutza- eta prestakuntza-eragileak, etab. Horiekin lankidetza-espazio egonkor bat sortzea bilatzen du, balio partekatua sortzeko helburuarekin. Azken finean, topaketa honen helburua Surf Industria indartzea da, Sopela nazioartean erreferente bihurtuz ", nabarmendu du zinegotziak.