Udalak diru-laguntza berriak eskaintzen ditu Sopelako enpresen ekintzailetza sustatzeko

 

Sopelako Udalak, Enplegu eta Sustapen Ekonomikorako sailaren bitartez, 16.000 euro inguru bideratuko ditu Sopelako jarduera ekonomikoa bultzatzeko diru-laguntzen deialdi berri bat abiarazteko. Diru-laguntza lerro honen helburua, enpresa proiektu berrien sorrera bultzatzea da, Sopelan helbide fiskala, soziala eta lantokia izan eta sorrera berrikoak diren enpresei beraien  jarduera abian jartzeko beharrezko inbertsioetarako diru-laguntzak ematea alegia.

Teresa Fernández zinegotzi arduradunaren esanetan, “deialdi honekin, alde batetik, enpresa sortu berriei laguntza eman nahi diegu eta gaur egungo ekoizpen ehuna suspertzeko pizgarriak eskaini; eta, bestetik, komunitatearen beharrei erantzuna emango dieten eta gaur egungo ekonomian lehia dezaketen enpresa jarduera berriak babestu nahi ditugu”.

Diru-laguntzak 2018ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era bitartean, abian jarri diren enpresa proiektuetarako bideratuko dira.

Enpresa proiektu bakoitzerako, gehienez ere 3.000,00 euroko laguntza izango da, eta, nolanahi ere, inbertsioaren %75a izan ahal izango da. Diruz laguntzen diren gastuei dagokionez, aipatzekoak dira informatikako aplikazioak, instalazio teknikoak, makineria, tresneria, altzariak edota informazio-prozesuetarako ekipamenduak, besteak beste.

Eskariak aurkezteko epea hurrengo ostegunera arte, azaroak 15, egongo da zabalik.

Diru laguntzak eskatzeko inprimakia eta deialdiaren oinarriak interesdunen eskura daude bai www.sopela.eus webgunean bai udal bulegoetan ere.