Zu hemen zaude: Hasiera SOPELA Proiektuak Martxan Sopelako Langabetuen Asanbladak kudeatuko du udal kiroldegiko sarreran sortuko den taberna berria

Sopelako Langabetuen Asanbladak kudeatuko du udal kiroldegiko sarreran sortuko den taberna berria

Sopelako Langabetuen Asanbladak kudeatuko du Sopelako Udalak Abadesoloko igerilekuko eraikinean sortuko duen taberna berria.

Gaur egun, kiroldegiak 92 m2-ko zabalera duen sarrera du. 2014. urteko abenduko osoko bilkuran, Sopelako Udal Gobernuak bertan erabilera komertziala baimentzea proposatu zuen, taberna bat sortzeko aukera zabalduz. Proposamen horrek udalbatzaren gehiengoaren babesa eskuratu zuen, eta akordioan taberna berria irabazi asmorik ez duen elkarte batek kudeatzea onartu zen.

Aurtengo urtarrilaren 27an egindako osoko bilkuran, Sopelako Udal Gobernuak proposatu zuen taberna horren kudeaketaren arduraduna Sopelako Langabetuen Asanblada (Askolan) izatea. Izan ere, Sopelan “eremu honetan lan egiten duen elkarte bakarra da”. Gainera, ekimen honen bidez, bazterketa soziala pairatzeko arriskuan dauden pertsonak lan munduan gizarteratzeko aukera egon daiteke. Udalbatzak proposamen hori gehiengo absolutuz babestu zuen: Bilduko 7 zinegotzi eta EAJ-PNVko zazpi zinegotzien alde botoekin (guztira, 14). PPko zinegotziak abstentziora jo zuen, eta PSE-EEko zinegotzi biek kontra bozkatu zuten.

Askolan irabazi asmorik ez duen elkartea da, eta 2012. urtean sortu eta erregistratu zen. Bere helburua Sopelan langabeziaren kontra borrokatzea da, eta lehentasuna ematen diete inolako diru-sarrerarik ez duten pertsonei. Elkarte hau guztiz irekia da, eta, beraz, sopeloztarrek bertan parte hartzeko eskubidea dute.

Hurrengo asteetan Sopelako Udalak hitzarmen bat sinatuko du Askolanekin akordio hau gauzatzeko. Hitzarmen horretan Uribe Kostako Behargintzak eta Serviociok (Sopelako kirol azpiegiturak kudeatzen duen enpresa) parte hartuko dute. Behargintzak Askolanek egiten dituen kontratazioen jarraipena egingo du, eta hitzarmena beraren jarraipena egiteko batzorde bat sortuko da eragile guztien artean.

Era berean, Askolanek langileei ostalaritzaren arloan formakuntza eskaini beharko die, eta kontratazioak egiterako orduan, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten pertsonak kontratatu beharko ditu (Lanbiden gutxienez bi urtez izena emanda izatea, Sopelan erroldatuta egotea, eta abar). Behin-betiko baldintzak hitzarmenean jasota egongo dira. Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango du.

Kiroldegian sortuko den tabernak kirol azpiegituretan tabakoa eta alkohola arautzen duen araudia bete beharko du. Gainera, Udalak hitzarmenean ingurumen, hizkuntz eta genero irizpideak ere txertatuko ditu.

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia