Zu hemen zaude: Hasiera SOPELA Proiektuak Martxan Atxabiribil etorbidea berrantolatzeko lanak hasi dira

Atxabiribil etorbidea berrantolatzeko lanak hasi dira

Aurtengo uda denboralditik aurrera errezagoa eta seguruagoa izango da txirringaz Sopela erdigunetik Atxabiribil hondartzaraino eta Sopelmar auzoraino heltzea. Izan ere, otsaileko lehenengo astean hasiko dira Atxabiribil etorbidearen berrantolatze-lanak, eta horri esker, bidegorri berria, espaloi zabalagoak, autoentzat 30 kilometro orduko abiadura muga eta azpiegitura hobeak izango ditugu.

Lanek lau hilabeteko iraupena izango dute, eta zehazki, kanping-eko biribilgunetik Atxabiribileko aparkalekura doan bidea berriztuko da.

Proiektuaren helburua garraio jasangarria bultzatzea da. Modu honetan, Sopelmarrera edo hondartzara bizikletaz, oinez, autoz edo autobusez joateko aukera egongo da segurtasun osoz.

Gainera, oinezkoek leku gehiago izango dute etorbidetik ibiltzeko, autoaren abiadura gutxitzeko neurriak hartuko dira, eta kaleko azpiegiturak hobetuko dira (argiztapena, ur-horniketa, eta abar).

Zehazki, lanak honakoak izango dira:

-       Errepidearen eskuineko aldean (hondartzara jaisten), bidegorri bat sortuko da, norabide bietan (jaisteko eta igotzeko). Gaur egun dagoen bazterbidea kenduko da, eta errepidea eta bidegorria banatu eta babesteko 40 zentimetroko erdibitzailea jarriko da.

-       Errepidearen ezkerreko aldean gaur egun dagoen espaloia mantendu eta zabalago bihurtuko da (kasu batzuetan 2,30 metroraino).

-       Errepidean 30 km/o abiadura hartu ahal izango da, eta autoek 5 eta 5,50 metro arteko errepidea izango dute.

Puntu batzuetan errepidea estutu egingo da, eta modu honetan autoek euren abiadura jaitsi beharko dute. Gainera, beste puntu batzuetan ere errepide estutuko denez, auzokideek espazio handiagoa izango dute euren autoa ateratzeko segurtasun osoz.

Horrez gain, eta lan hauek aprobetxatuz, kalearen azpiegituretan hainbat hobekuntza egingo dira: argiteria aldatu, saneamendua berriztu, energía elektrikoaren sarea lurperatu e.a. Markesina ere lekuz aldatuko da.

Lanen aurrekontua 407.000 eurokoa izango da.

Auzokideek egindako eskaera

Sopelmarreko auzokideek azken urteetan hainbatetan eskatu dute auzora heltzeko bidegorri bat eraikitzea eta aipatu etorbidean gehienezko abiadura 20 edo 30 km/o-koa izatea. Iazko uztailean sinadura-bilketa aurkeztu zuten udaletxean, eta Udalak antolatutako auzo-bileretan eskatutako proiektua izan da. Udalak eskaera horien filosofiagaz bat egin eta aintzat hartu zituen.

Auzo-bilera obra azaltzeko

Auzokideei proiektua bera eta obraren jarraipena azaltzeko asmoz, Sopelako Udalak auzo-bilera antolatu du otsailaren 5ean, 19:00etan Kukulluko Egoitza Sozialean. Bertan, udal ordezkariez gain, proiektua eraikiko duen enpresako kideak ere egongo dira.

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia