Zu hemen zaude: Hasiera SOPELA Proiektuak Martxan Autokarabanen aparkalekuaren lanak hasi dira Urkon

Autokarabanen aparkalekuaren lanak hasi dira Urkon

Gaur, urtarrilak 21, autokarabanentzako aparkalekuaren obrak hasi dira Urkon. Lanek bost asteko iraupena izango dute, eta lanak egiten ari dituen enpresak gehienez gaur egungo aparkalekuaren %30-a okupatu ahal izango du. Modu honetan, kiroldegira joaten diren erabiltzaileek autoa aparkatzeko aukera izaten jarraituko dute.

Aipatu proiektua Urko eta Ugeraga inguruaren berreskuratzearekin bat egiten du. Lanak amaitu ostean, autokarabanek udako sasoian aparkaleku bat izango dute Sopelan. Neguan autoek orain arte bezala erabiltzen jarraitu ahal izango dute, eta udan, berriz, bai karabanek eta baita autoek ere aparkatzeko espazioa izango dute.

Gaur egun, autokarabanek ez dute inolako espaziorik Sopelan (eta inguruko herrietan) eurentzako. Udan, asko dira herrira gerturatzen diren autokarabanak, eta ez dute aukerarik izaten euren ur gris eta beltzak aldatzeko, iturririk erabiltzeko e.a. Udalak gabezi horri erantzun gura dio, gaur egun Uribe Kostan ez baitago inolako eskaintzarik, eta horrek mota honetako turismoa bultza dezake.

Modu honetan, karabana hauek herriko beste gune batzuetan sortzen dituzten arazoak ekidin gura dira, eurentzako leku apropos bat sortuz (seinaleak jarriko dira aparkalekua ezagut dezaten).

Aparkalekua uda denboraldian baino ez da egongo erabilgarri. Hau da, ekainetik irailera arte. Beste hilabetetan, ohiko erabiltzaileek aparkalekua erabiltzen jarraitzeko aukera izango dute, 130 auto aparkatzeko aukerarekin.

Aparkalekuak honako zerbitzuak eskainiko die bisitariei: kontenedoreak, ur edangarria duen iturria, leku garbia (ur gris eta beltzak botatzeko lekua), argiztapena e.a. 24 autokarabana aparkatzeko lekua egongo da.

Proiektu honen aurrekontua 59.000 eurokoa izango da; kopuru horren erdia argiztapena berritzen eta aldatzen bideratuko da (herriko beste hainbat lekutan egin den bezalaxe).

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia