Zu hemen zaude: Hasiera SOPELA Proiektuak Martxan Sopelako Udalak herriko Merkataritza Biziberritzeko Plana abiatu du

Sopelako Udalak herriko Merkataritza Biziberritzeko Plana abiatu du

Sopelako Udalak udalerriko Merkataritza Biziberritzeko Plana abiatu berri du. Azaroaren 19an, Ikei alhokularitzak, azterlanaren esleipendun enpresak, proiektuaren aurkezpena egin zuen arlo honetako udal batzordean, txostenaren helburuak, egitura eta metodologia aurkeztuz.

Sopelako Udalak kontratatutako proiektuak herriko zerbitzuen sektorea (merkataritza eta ostalaritza) garatzea eta sendotzea du helburu. Bide horretan, Sopelako Udalak herriko Salerosle Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du. Sopelako Udalarentzat, herriko dendariak gure udalerriko osagai garrantzitsuenak dira: bizitza ematen diote herriari, herriari kohesioa ematen diote, aberastasuna eta enplegua sortzen dute, e.a. Haatik, herriko dendariek hainbat mehatxu dituzte gaur egun aurrez aurre: herritarrek izan dituzten kontsumo-ohituren aldaketak, merkatal-gune handien zabalpena, interneten lehiakortasuna, e.a. Ildo honetan, plan honek komertzioaren biziberritzea eta egonkortzea bultzatzea du helburu.

Plana fase nagusi bitan banatuko da: alde batetik gaur egungo egoeraren diagnosi sakon bat egingo da, eta hori egin ostean, sektorea dinamizatu eta indarberritzeko jarduera ezberdinak proposatuko dira: hirigintza-merkataritza, marketing-city, enpresa-sarea, eta abar.

Diagnosi fasearen barruan, hurrengo egunetan, Sopelako auzokideei inkesta bat banatuko zaie, beren erosketa ohituren eta herriko beste hainbat konturen iritzia zein den galdetuz: irisgarritasuna, mugikortasuna, e.a. Era berean, herriko dendari eta tabernariei ere elkarrizketak egingo zaizkie, herriko dinamizazio eta animazioaren inguruan, eta euren negozioen kudeaketaren inguruan.

Pintxo-potea Sopela erdigunean

Bestalde, Sopelako bost taberna elkartu dira herriaren erdigunean pintxo-potea sortzeko, eta Sopela girotzen jarraitzeko. Hasiera batean ekimen honetan parte hartuko duten tabernak honakoak dira: Uyarra, Ertza, Brendan´s Isle, Laiak eta Lurren, baina gura izanez gero taberna gehiago ere elkar daitezke. 19:30etik 22:00etara, sopeloztarrek eta bisitariek pintxo bat jasoko dute debalde edari bakoitzarekin. Animatu eta gozatu!

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia