Sopelako Udala - Sopelako Udalak 2022ko Aurrekontu Parte-hartzaileen lehen faseari ekingo dio

Sopelako Udalak 2022ko Aurrekontu Parte-hartzaileen lehen faseari ekingo dio

Sopelako 2022ko aurrekontu parte-hartzaileak abian dira. Udalerrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonek eta Sopelan egoitza soziala duten elkarte, fundazio edo erakundeek erabakiko dute zertan inbertitzen den 2022ko ekitaldiko kontu orokorretako 100.000 euroko aurrekontu-partida.

Prozesuaren lehen fasea maiatzaren 16tik 29ra bitartean egingo da eta bertan, herritarrek proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Bigarren fasean, lehentasuna emango zaie aurrekontu parte-hartzaileak bozkatzeko fasera igaroko diren proposamenei.

Prozesu honetarako, Udalak 100.000 € bideratu ditu aurrekontuko partida gisa. Proposamenek udalaren eskumenekoak, interes orokorrekoak eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak izan beharko dira, etorkizuneko gastuak arriskuan jarri gabe. Gainera, gehienez 40.000 euroko kostua izan beharko dute (BEZik gabe) obretarako eta 15.000 eurokoa (BEZik gabe) gainerako proiektuetarako.

Parte hartzeko bideak

Herritarrek online aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak, maiatzaren 16tik aurrera udalaren webgunean gaituko den galdetegi baten bidez eta udalerriko etxeetan postontzietan jarriko diren informazio-liburuxken QR kodeen bidez.

Era berean, aurrez aurre parte hartu ahal izango da, udaletxean gaitutako hautestontzi baten bidez. Gainera, maiatzaren 20an, ostirala, Udaletxeko plazan eta maiatzaren 21ean, larunbata, Urgitxieta plazan, karpa informatibo bat jarriko da, eta bertan parte hartu ahal izango da 11: 00etatik 14: 00etara eta 17: 00etatik 20: 00etara.

Herritarrengan sor litekeen edozein zalantza argitzeko eta prozesu parte-hartzailearen faseen berri emateko, maiatzaren 19an Jubilatuen Etxeak informazio-saio bat hartuko du 19:00etan.

Sopelako alkate Josu Landaluzek azpimarratu duenez “aurrekontu parte-hartzaileak herritarren partaidetzarako eta udalerriaren kudeaketarako tresnak dira eta haien helburua eragile guztiak batzea da, baliabide publikoak hobeto kudeatzeko eta herritarren eta administrazioaren arteko harremana hobetzeko”. Hori dela eta, tokiko gobernuak modu aktiboan parte hartzera animatu ditu herritarrak, “udalerriaren beharrei buruzko ideiak eta proposamenak eginez”.

INPRIMAKIA