Sopelako Udala - Dena prest 2021eko hondartza-denboraldia hasteko

Dena prest 2021eko hondartza-denboraldia hasteko

Ekainaren 1ean hasiko da 2021eko hondartza-denboraldia. Aurten, berriz ere, COVID-19k baldintzatuta hasiko da denboraldia eta ondorioz Udalak hartu beharreko neurri batzuk gogorarazi nahi ditu:

- Bizkaiapp plataforman hondartzaren okupazio-maila kontsultatzea gomendatzen da, pilaketak saihesteko.

- Hondartzaz gozatu ahal izateko, gehienez 3 orduko egonaldiak egitea gomendatzen da.

- Maskara erabiltzea nahitaezkoa da barruko espazio guztietan (komunak, Sopelbus, surf eskolak), bai eta hondartzan paseatzeko eta hareatzara sartzeko eta bertatik irteteko joan-etorrietan ere.


- Bainugela publikoetako edukiera mugatua izango da. Aldagelak eta barruko dutxak itxita egongo dira. Langileen jarraibideak bete behar dira uneoro.

- Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren argibideei jarraituz, zakarrontzi guztiak hondarretik kanpo jarriko dira, hareatzetarako sarbideetan.

- Hondartzetan lan egiten duten surf eskolek kontingentzia planak dituzte COVID19aren aurrean. Gozatu arduraz eta bete zentro horietako arduradunek egiten dizkizuten jarraibideak.

Murrizketa horiek gorabehera, 2020ko denboraldian 334.730 lagunek bisitatu zituzten Sopelako hondartzak, 2019an baino % 11,30 gehiagok. Gainera, 10etik 7.85eko puntuazioa eman ziguten hondartzekiko eta haien zerbitzuekiko gogobetetze globalari dagokionez.

Hondartzara egiten dugun bisitak eragina du

Arriatera hondartzak EMAS III erregistroa du, Europako ingurumen-kalitatearen bereizgarririk handiena. Hondartzak ingurumenaren aldetik sentikorrak diren guneak dira  eta gure jokabideak bereziki errespetuzkoa izan behar du. Hondakinak hondartzara eramatea saihestu behar dugu eta lehentasuna eman behar diogu kantinplorak edo fianbrerak erabiltzeari. Azkenean hondakinen bat bota behar badugu, zakarrontzi egokian utzi behar dugu beti.

2020an, 25 kg hondakin sortu ziren hondartzako 100 erabiltzaileko eta horietatik % 11 baino ez ziren birziklatu. Uraren kontsumo arduratsua egitea ere garrantzitsua da. Sopelako hondartzetako kontsumoak gora egiten du urtero eta 2020an 18,60 litro kontsumitu ziren erabiltzaile bakoitzeko.

Azkenik, gogorarazi behar da erabat debekatuta dagoela Barinatxeko dunetan eta Ingestako itsaslabarretan mugatutako eremuetatik ibiltzea. Eremu horiek bereziki kalteberak diren flora eta faunako habitatak eta espezieak kontserbatzeko guneak dira.

Guztion artean, hondartzara egiten dugun bisita seguruagoa izatea eta ingurunean dugun inpaktua txikiagotzea lortu dezakegu.