Konfinamendu perimetrala Euskadiko udalerri guztietara zabaldu eta pertsonak gehienez ere 4ko taldetan biltzeko muga ezarri eta astebetera, Sopela, gune gorrian sartu da gaur. Hala adierazten du Osakidetzak gaur publiko egin duen azken txosten epidemiologikoak.
Sopelak 629,98ko kutsatze-tasa metatua du 100.000 biztanleko.
Hala, bihartik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak ezarritako hurrengo neurriak indarrean sartuko dira:
- Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak eta joko- eta apustu-establezimenduak itxi egingo dira.
- Taldeko kirol-jarduera eten egingo da.
Era berean, duela aste batzuetatik indarrean dauden murrizketei eutsi behar zaiela gogorarazten da. Horien artean, gaueko mugigarritasuna 22:00etatik 06:00etara mugatuta dago, merkataritza- eta kultura-jarduerak bertan behera uzteko gehieneko ordutegia 21:00etan finkatzen da eta musika- eta ahots-entsaioak eta emanaldiak bertan behera utzi ziren, besteak beste.
Udalak, kontaktu sozialak ahalik eta gehien murrizteko deia luzatzen du, kutsatze kopurua gutxitzen laguntzeko. Honez gain, ohiko prebentzio-neurriak errespetatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratzen du: maskara ondo erabiltzea, eskuen garbiketa, pertsonen arteko distantzia mantentzea eta bizikidetza-unitate baten baino gehiagoren bilerarik ez egitea, batez ere barne-espazioetan.