Sopelako Udalak larunbat honetan inauguratuko du Urgitxieta Plazako izotz pista
- Bisitak: 1846
- Urtarrilaren 5era arte zabalik egongo da 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Salbuespen gisa, abenduaren 24an eta 31n instalazioak goizez bakarrik (11:00-14:00) egongo dira irekita eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ez da zerbitzurik egongo. Ezinbestekoa izango da, sarrerak aldez aurretik erostea Kurtzioko Kultur Etxean eta prezioa 2 eurokoa izango da.
- Herriko bizilagun guztiek instalaziora sartzeko aukera izan dezaten, Sopelako Udalak doako Txu-Txu trena jarriko du martxan.
- Gabonetako gainontzeko programazioari dagokionez, pandemiak markatutakoa izango da. Olentzerok eta Mari Domingik txikienei egingo diete harrera, Kurtzioko Kultur Etxean abenduaren 19, 20, 22, 23 eta 24an hitzordupean. Halaber, bestelako ekintzak antolatu dira Urko kiroldegian eta Kurtzion: tailerrak, kontzertuak, bakarrizketak, ikuskizunak…
Garai honetan ohikoa den bezala, eta zailtasunak zailtasun, Sopelako Udalak Gabonetako izotz pista arrakastatsua jarriko du martxan beste urte batez. Larrabasterreko Urgitxieta plazan kokatutako instalazioak zabalik egongo dira larunbat honetatik, abenduaren 19tik, urtarrilaren 5era arte, goizez eta arratsaldez, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Salbuespen gisa, abenduaren 24an eta 31n instalazioak goizez bakarrik egongo dira irekita (11:00etatik 14:00etara), eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ez da zerbitzurik egongo.
Erabiltzaileen osasuna arriskuan jartzen duten pilaketak saihesteko, instalazioetan sartzeko ezinbestekoa izango da, sarrerak aldez aurretik erostea Kurtzioko Kultur Etxean. Sopeloztarrek dagoeneko egin dezakete eta erroldatu gabeek abenduaren 18tik aurrera. Sarreraren prezioa 2 eurokoa izango da eta ezinezkoa izango da asteko txanda batean baino gehiagotan izena ematea. Plaza kopuruari dagokionez, txanda bakoitzeko 6 pertsonara mugatua egongo da eta jada ohikoa denez, patinatzeko botak egongo dira (zenbakiak 23tik 47ra) eta 12 urtetik beherakoek nagusi batez lagundurik egon beharko dute txandak irauten duen bitartean.
Halaber, herriko bizilagun guztiek instalaziora sartzeko aukera izan dezaten, Sopelako Udalak Txu-Txu trena jarriko du martxan. Tren hori doan izango da eta izotz pista udalerriko erdigunearekin lotuko du. Okasio honetan, COVID prozedurak direla eta (erabiltzaile berriak igotzeko derrigorrezko garbiketak) ibilbidea itxia izango da eta ez da Larrabasterratik igotzeko aukerarik izango. Ordutegia izotz pistaren berdina izango da eta ekimen honetan ere beharrezkoa izango da aldez aurretik erreserbatzea (ez da egongo txanda bakoitzean jesarleku ilara bi baino gehiago erreserbatzeko aukerarik). Trena dagokion orduan aterako da eta berandu iritsiz gero, txanda galduko da.
Izotz pistan, zein Txu-Txu trenean hitzordua baino 5 minutu lehenago iristea eskatzen da eta hitzorduaren egiaztagiria eraman beharko da arduradunei erakusteko.
Gabonetako gainontzeko programazioari dagokionez, pandemiak markatutakoa izango da. Halere, ekimen handiak antolatu ezin diren arren, Udalak beste aukera batzuk bilatu ditu. Hala, betiko desfilearen ordez, Olentzerok eta Mari Domingik txikienei egingo diete harrera, Kurtzioko Kultur Etxean abenduaren 19, 20, 22, 23 eta 24an hitzordupean. Halaber, sopeloztar, gazte eta ez hain gazte guztiei gozatzeko aukera emateko xedez, hainbat jarduera berezi antolatu ditu Udalak Urkoko kiroldegian abenduaren 28tik 30era: haurrentzako tailerrak, Huntza eta Izaroren kontzertuak eta Goyo Jimenezen ‘Aiguantulivinamérica 2’ bakarrizketa-ikuskizuna. Era berean, eta ohi den bezala, urtarrilari begira, Sopelako Udalak, Kurtzioko Kultur Etxean, Urtebarri haurrentzako ikuskizuna, Errege Magoekin hitzorduak, umeentzako tailerrak eta antzerkiak eta familientzako Hodei Magoaren ikuskizuna antolatu ditu.