Sopelako Udala - Bidebieta kaleak txandakako aparkatze sistema berri izango du

Bidebieta kaleak txandakako aparkatze sistema berri izango du

 

Sopelako Udalak hasierako onarpena eman dio Bidebieta kalean (Sabino Arana eta Laubide kaleen artean, Gernika plazaraino), ibilgailuen aparkaleku mugatua arautzen duen ordenantzari. Ordenantza honen helburua trafikoa antolatzen eta hobetzen laguntzea da, espazio- eta denbora-mugak ezarriz. Horrela, Udalak oreka handiagoa lortu nahi du udalerriko erdiguneko kaleetako batean aparkatzeko eskaintzaren eta eskariaren artean.

Ordenantza honek Bidebietako hogeita hamar bat plazari eragingo die, eta inguruko merkatarien eskaera nagusi bati erantzuna ematen diogu. Sistema berri hau aktibatzeak mugikortasuna eta bezeroen joan-etorria hobetuko ditu. Beraz, aparkalekua errazten dugu herritarrek erosketak erosoago egin ditzaten, tokiko ekonomia suspertzen lagunduz” adierazi du Josu Landaluze Sopelako alkateak.

Gunea behar bezala seinaleztatuta egongo da, bai bertikalki bai horizontalki, eta aparkalekuak doakoa izaten jarraituko du. Gehienez ere ordubete eta 30 minutu aparkatu ahal izango da. Epe hori igarotakoan, ezin izango da berriro ere gune arautuan aparkatu 2 ordu pasatu arte. Aparkaldi mugatuaren ordutegia astelehenetik zapatura, 9:00etatik 13:30era; eta astelehenetik barikura, 16:00etatik 20:00etara izango da.

Gune mugatu honetan aparkatzeko, horretarako baimena ematen duen tiketa erakutsi beharko da haizetakoaren barruan, kanpotik ondo ikusteko moduan. Tiket hori ibilgailua aparkatu ondoren hartu behar da tiket-makinan. Ordenantzan jasotako arauren bat hausteagatiko zigorrak 15 eta 90 euro bitartekoak izango dira.

Motozikletak, VMP ibilgailuak, bizikletak (betiere aparkaleku mugaturako seinaleztatutako plazak okupatzen ez badituzte), zamalanak egiten ari diren ibilgailu komertzialak edo Udalaren baimena dutenek, auto-taxi ibilgailuak, larrialdietako ibilgailuak edo dibertsitate funtzionala edo bereziki egokitua duten pertsonen autoak, besteak beste, ordenantza honetatik kanpo geratzen dira.

Gogoratu beharra dago Udalak, ordenantza egiteko kontsulta publiko bat jarri zuela martxan. Hala, herritarrek, erakundeek eta elkarteek beraien iritziak eta ekarpenak helarazteko aukera izan zuten uztailean eta abuztuan zehar egindako prozesu parte hartzaile honetan.