Sopelako Udala - Sopelako Udalak urrats berri bat eman du Osteiko bidea eta Olabideko elkargunea eraikitzeko

Sopelako Udalak urrats berri bat eman du Osteiko bidea eta Olabideko elkargunea eraikitzeko

 

Irailaren 4an hasitako lizitazio prozesua amaituta, Sopelako Udalak beste urrats bat eman du aste honetan, Osteiko bidea eta Olabideko bidegurutze berria eraikitzeko proiektuarekin aurrera egiteko. Udalak proposamenak aurkezteko epea irailaren 30ean (asteazkena) itxi zuen eta datozen astetan, lehiaketa publikoan jasotako eskaintza guztiak aztertuko ditu.

Udalak 374.495 euroko (BEZ barne) partida ekonomikoa gorde du Urdulizko sektorean jadanik eraikitako bidea Olabide auzorako sarbidearekin luzatzeko lanak egiteko, Larragoitiko industrialdearen ondoan. Udal gobernuak obrak urte amaieran edo 2021eko hasieran hasi ahal izatea aurreikusten du, eta 3 eta 4 hilabete arteko iraupena izango dute.

"Martxoko osoko bilkuran 400.000 euro baino gehiagoko kreditu aldaketa onartu genuen, herritarrek hainbeste eskatutako proiektu hau gauzatu ahal izateko. Jarduketa honek Larragoitiko industrialdearen inguruko segurtasuna hobetuko du, bidegurutze berri bat eraikiz eta Urdulizko Ospitalerako sarbide zuzena emango du. Covid-19ak ezarritako alarma egoerak prozedura guztia atzeratu zuen, baina aste honetan aurrerapauso handia eman dugu eta esleitzeko eta berrurbanizazio lanekin lehenbailehen hasteko moduan gaude", esan du Josu Landaluze Sopelako alkateak.

Era berean, Olabide kaleko bide-segurtasuna bermatzeko, alkateak gogorarazi du Udalak beste 20.000 euro bideratuko dituela zoladura konpontzeko eta egokitzeko lanak egiteko. Irtenguneen altuera leundu egingo da eta abiadura kontrolatzeko gailuak instalatzea aurreikusten da. Urdulizko Ospitalerako sarbide zuzena lortzeaz gain, bide hau irekitzeak Sabino Arana kaleko trafikoa arintzea ahalbidetuko du.

Proiektuaren deskribapena

Urbanizazio proiektuak loturak egitea barne hartzen du Osteiko sektoreko bidearekin, Urdulizen, bai eta Larragoiti industrialdearen ondoan dagoenarekin ere, hiri-azpiegitura bat sortuz, bi udalerriak lotuko dituen elkargune berri bat, sarbide egoki eta koordinatu batzuen bidez.

Puntu honetan, garrantzia berezia du bide berriaren iparraldean igarotzen den eta Gobela ibaira iritsi arte, errepidea neurri jakin bateko hormigoizko hodi jakin batekin gurutzatzen duen errekatxoak. Gaur egun, pasabide horrek ez du behar besteko ahalmen hidraulikoa arro isurialde osorako, eta, beraz, honen ordez, beste bideratze handiago bat egingo da, bizitegi-sektoreen etorkizuneko garapenarekin sortuko diren emari berriak husteko gai izango dena, eta URA Uraren Euskal Agentziak eskatutako irizpide eta bermeei jarraituz.

Bideari dagokionez, 465 metro inguruko luzera du guztira, eta dagoeneko 320 metro egin dira. Obran aurreikusitako urbanizazioei zerbitzua emateko ezinbestekoak diren sare eta azpiegitura guztiak instalatuko dira. Horrela, galtzadaren azpian saneamendu- eta drainatze-sareak jarriko dira, eta espaloien azpian hornidura-, ureztatze- eta sute-azpiegiturak, energia elektrikoa, telekomunikazioak eta argiteria publikoa. Galtzadak 7 metroko zabalera izango du, eta 2,25 metroko aparkalekuak izango ditu bi aldeetan, bai eta bi eta hiru metroko espaloiak ere, hurrenez hurren, bidearen ezkerretara eta eskuinetara.

Proiektuak beharrezkoak diren zerbitzuak ezartzeko urbanizazio-obra guztien garapena jasotzen du. Obra horiek bi etapatan egingo dira:

a) Lehen mailako urbanizazioa: sektore osorako honako jarduketak barne hartzen ditu:

b) Bigarren mailako urbanizazioa: lehen mailako urbanizazioa amaitu ondoren, honako lan hauek egingo dira: