Zu hemen zaude: Hasiera Albisteak Sopelako Udalak urrats berri bat eman du Osteiko bidea eta Olabideko elkargunea eraikitzeko

Sopelako Udalak urrats berri bat eman du Osteiko bidea eta Olabideko elkargunea eraikitzeko

 

  • Udalak 375.000 euroko partida gorde du Urdulizko Ospitalerako sarbidea emango duen bidea luzatzeko lanak egiteko, baita Larragoitiko industrialdearen ingurua hobetzeko ere, bi udalerriak sarbide seguruago batzuen bidez lotuko dituen elkargune berri bat sortuz.
  • Udalak obrak urte amaieran edo 2021eko hasieran hastea aurreikusten du, eta 3 eta 4 hilabete arteko iraupena izango dute.

Irailaren 4an hasitako lizitazio prozesua amaituta, Sopelako Udalak beste urrats bat eman du aste honetan, Osteiko bidea eta Olabideko bidegurutze berria eraikitzeko proiektuarekin aurrera egiteko. Udalak proposamenak aurkezteko epea irailaren 30ean (asteazkena) itxi zuen eta datozen astetan, lehiaketa publikoan jasotako eskaintza guztiak aztertuko ditu.

Udalak 374.495 euroko (BEZ barne) partida ekonomikoa gorde du Urdulizko sektorean jadanik eraikitako bidea Olabide auzorako sarbidearekin luzatzeko lanak egiteko, Larragoitiko industrialdearen ondoan. Udal gobernuak obrak urte amaieran edo 2021eko hasieran hasi ahal izatea aurreikusten du, eta 3 eta 4 hilabete arteko iraupena izango dute.

"Martxoko osoko bilkuran 400.000 euro baino gehiagoko kreditu aldaketa onartu genuen, herritarrek hainbeste eskatutako proiektu hau gauzatu ahal izateko. Jarduketa honek Larragoitiko industrialdearen inguruko segurtasuna hobetuko du, bidegurutze berri bat eraikiz eta Urdulizko Ospitalerako sarbide zuzena emango du. Covid-19ak ezarritako alarma egoerak prozedura guztia atzeratu zuen, baina aste honetan aurrerapauso handia eman dugu eta esleitzeko eta berrurbanizazio lanekin lehenbailehen hasteko moduan gaude", esan du Josu Landaluze Sopelako alkateak.

Era berean, Olabide kaleko bide-segurtasuna bermatzeko, alkateak gogorarazi du Udalak beste 20.000 euro bideratuko dituela zoladura konpontzeko eta egokitzeko lanak egiteko. Irtenguneen altuera leundu egingo da eta abiadura kontrolatzeko gailuak instalatzea aurreikusten da. Urdulizko Ospitalerako sarbide zuzena lortzeaz gain, bide hau irekitzeak Sabino Arana kaleko trafikoa arintzea ahalbidetuko du.

Proiektuaren deskribapena

Urbanizazio proiektuak loturak egitea barne hartzen du Osteiko sektoreko bidearekin, Urdulizen, bai eta Larragoiti industrialdearen ondoan dagoenarekin ere, hiri-azpiegitura bat sortuz, bi udalerriak lotuko dituen elkargune berri bat, sarbide egoki eta koordinatu batzuen bidez.

Puntu honetan, garrantzia berezia du bide berriaren iparraldean igarotzen den eta Gobela ibaira iritsi arte, errepidea neurri jakin bateko hormigoizko hodi jakin batekin gurutzatzen duen errekatxoak. Gaur egun, pasabide horrek ez du behar besteko ahalmen hidraulikoa arro isurialde osorako, eta, beraz, honen ordez, beste bideratze handiago bat egingo da, bizitegi-sektoreen etorkizuneko garapenarekin sortuko diren emari berriak husteko gai izango dena, eta URA Uraren Euskal Agentziak eskatutako irizpide eta bermeei jarraituz.

Bideari dagokionez, 465 metro inguruko luzera du guztira, eta dagoeneko 320 metro egin dira. Obran aurreikusitako urbanizazioei zerbitzua emateko ezinbestekoak diren sare eta azpiegitura guztiak instalatuko dira. Horrela, galtzadaren azpian saneamendu- eta drainatze-sareak jarriko dira, eta espaloien azpian hornidura-, ureztatze- eta sute-azpiegiturak, energia elektrikoa, telekomunikazioak eta argiteria publikoa. Galtzadak 7 metroko zabalera izango du, eta 2,25 metroko aparkalekuak izango ditu bi aldeetan, bai eta bi eta hiru metroko espaloiak ere, hurrenez hurren, bidearen ezkerretara eta eskuinetara.

Proiektuak beharrezkoak diren zerbitzuak ezartzeko urbanizazio-obra guztien garapena jasotzen du. Obra horiek bi etapatan egingo dira:

a) Lehen mailako urbanizazioa: sektore osorako honako jarduketak barne hartzen ditu:

  • Eraispenak.
  • Lurrak mugitzea (indusketak eta betelanak) eta oinarri-azpiko eta oinarriko kaleak trinkotzea.
  • Bideetako zintarrak, zoladura eta errodadura geruza.
  • Uraren, saneamenduaren, energiaren, telekomunikazioen, gasaren eta argiteriaren hoditeria orokorrak.
  • Urak isurtzeko eta tratatzeko sistema orokorrak.
  • Oinezkoentzako guneak osorik egitea (hiri-altzariak, paperontziak…)
  • Erabilera publiko orokorreko berdeguneak egokitzea (lorezaintza, zuhaitzak…).

b) Bigarren mailako urbanizazioa: lehen mailako urbanizazioa amaitu ondoren, honako lan hauek egingo dira:

  • Espaloietako hormigoizko zolata, zintarria eta espaloietako lauzak.
  • Ibilgailuentzako bideen asfalto-ureztaketa.
  • Ibilgailuentzako bidean argi-zutabeak jartzea.
  • Berdeguneak urbanizatzea.
  • Lur gaineko aparkalekuak egitea.

 

 

 

 

 

 

Oharrak

  • 2018eko azaroaren 21a.
    Bilera Olentzero eta Mari Domingiren harrera

    Azaroaren 26an  Olentzero eta Mari Domingiren harrera antolatzeko batzordearen lehen bilera egingo da, 18:00etan, Kurtzio kultur etxean.

     

  • 2017eko abenduaren 05a.
    Trafiko desbideraketak Sopelan bidegorriko lanak direla eta

     

    Abenduaren 11an hasiko eta urtarrilaren 12ra arte luzatuko diren bidegorriko lanak direla eta, Enrike Urrutikoetxea eta Olabide kaleen arteko bidegurutzean trafiko desbideraketa batzuk izango dira.

    Halaber, abenduaren 11n Olabide kaleko aslfaltoaren konponketa lanei hasiera emango zaie, oinezkoentzako pasabideak ere igoko direlarik. Lan hauen iraupena, 2 aste ingurukoa izango da eta kasu honetan, lan gunea kontuan hartuta, seinale edota semaforo bidezko ordezko pasabideak jarriko dira.

  • 2017eko ekainaren 14a.
    Urez hornitzeko sarearen konponketa lanak

    Noiz: ekaina, uztaila eta abuztua

    Lekua: Akilino Arriola kalea

    Eragina trafikoan: Loiola Ander Deuna-Iberre bide-zatia eta Iberre eta  Goiene arteko espaloia.

    Zergatia: Ur edangarriko hodiaren ubideratzearen aldaketa

    Semaforo bidezko ordezko pasabidea instalatuko da

    Sopelako Udalak Akilino Arriola kaleko ur-hornidurako sarearen ordezpen lanak hasi ditu. Lanen iraupena 2 hilabete ingurukoa izango da, hortaz Akilino kaleko trafikoari eragingo die Iberre kaletik Ander Deuna kalerarte semaforoz erregulatuko den bide bakar batekin. Ur edangarriko hodiaren ubideratze osoa aldatzean datza.

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia