Udalak udalerriko ekonomia suspertzeko eta gizartea biziberritzeko plana abiaraztea adostu du

Joan den apirilaren 30ean egindako osoko bilkuran, Sopelako Udalak herriko ekonomia suspertzeko eta gizartea biziberritzeko plan bat martxan jartzea adostu zuen, koronabirusaren osasun krisiak eragindako ondorioei aurre egingo dien neurri-sortez osatutako plana alegia.

Asko dira alarma-egoerak ezarritako murrizketen ondorioz bertan behera utzi edo atzeratu diren kirol eta kultura-jarduerak eta proiektuak. Ildo horretatik, Udalbatzak beharrezkotzat jotzen du udal kontuak berregokitzea, egungo testuinguru sozioekonomikoak eskatzen dituen premia larrienei erantzungo dieten neurriak hartzeko.

Zentzu honetan, Udaleko talde politiko guztiek onartu dute aurrekontu aldaketa bat egitea, osasun krisiaren ondorio ekonomikoak arintzen lagunduko duten neurriak abian jartzeko. Beharrizan gehien eta baliabiderik gabeko familiei arreta azkar ematea izan da eta izango da Udalaren lehentasunetako bat. Horregatik, adostutako aldaketak alkatetzaren dekretu bidez onartuko dira, berehala eraginkorrak izan daitezen. Datu gisa, esan behar da Mankomunitateak martxoan bakarrik, Sopelako bizilagunen DBEen 245 eskabideri erantzun diela, eta konfinamenduaren bi hilabete hauetan gizarte-larrialdietarako 95 eskaera izapidetu direla.


Planaren giltzarriak: gizarte zerbitzuak bermatzea, enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzea eta tokiko kontsumoa bultzatzea.

Planak jarduketa gune desberdinak izango ditu. Laguntza sozialak, larrialdi-zerbitzuak, etxez etxeko laguntza-zerbitzua... guztiak Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitatean zentralizatuko dira. Horretarako, Sopelako Udalak badu jada 400.000 euro inguruko aurrekontua. Udalak gogorarazi du, Mankomunitatearekin berarekin lankidetzan, Sopelako bizilagunek beste laguntza batzuk jaso ditzaketela (alokairurako, energia-pobreziarako eta eskola-materialerako). Laguntza horiek garrantzi berezia izan dezakete egoera honetan, eta, behar izanez gero, handitu egingo dira.

Enplegu eta Ekonomia Sustapen Saila hainbat alderdi lantzen ari da dagoeneko, ekintzailetza, langabetuentzako laguntzak eta udalerriko langabetuak kontratatzen dituzten Sopelako enpresentzako laguntzak bultzatzeko lerroak besteak beste. Udalak 200.000 euroko diru-zuzkidura erabiliko du tokiko ekonomia eta enplegua suspertzeko zuzeneko eragina izango duten neurriak abiarazteko.

Merkataritzari, ostalaritzari eta udalerriko gainerako zerbitzu-profesionalei dagokienez, Udala oinarri arautzaile batzuk prestatzen ari da udalerriko profesional guztiek, deialdi publiko baten bidez, kontsumorako bonuen kanpaina batean parte har dezaten. Ekimen horren bidez, Udalak tokiko merkataritzari eta ostalaritzari onurak eskaini nahi dizkio, establezimendu horietako erosketa edo kontsumoa sustatuz. Era berean, herritarrek ere onurak izango dituzte, denda eta zerbitzuek bonu horien bidez eskainiko dituzten deskontuez baliatu ahal izango direlako. Horrela, bada, familiaren ekonomia arinduko duen neurria da, partikularren kontsumoa sustatuko du eta, era berean, likidezia sartuko du establezimendu txikietan. Bi une proposatzen dira bonu horiek banatzeko: bata orain, ekainean, eta bestea abenduan, 90.000 euro inguru bideratuko dira bi aldietarako, 45.000 euro ekainean eta beste 45.000 euro urte bukaeran. Bi kanpainak hasiera batean herriko jaietarako jarduerak egiteko ziren diru-zorrotik finantzatuko dira.

Ildo horretatik, bizi dugun osasun krisiaren ondorioz, joan den ostiralean, maiatzaren 8an, Bozeramaileen Batzordeak San Juan, San Pedro, El Carmen, Santa Marina jaiak, Udalekuak, Summer Camp eta Ingles Topaketak bertan behera uztea erabaki zuen. Alkatetzak proposaturik, Jai Batzordeak, kuadrillekin batera eta Udaleko Kultura Sailarekin elkarlanean, bi ekitaldi sinboliko antolatuko ditu, bata San Pedro egunean eta bestea Karmen egunean.

Era berean, pandemiaren eboluzioak horretarako aukera ematen badu, udazkenean Sopelan eta Larrabasterran asteburu bat birprogramatzeko aukera aztertzen ari da, horrela San Pedro eta El Carmen egunak egun horietara aldatuz.

Udalak azpimarratu du neurri hauekin lehen urrats garrantzitsua eman dela, baina ez dela bakarra izango. Hurrengo asteetan jarduketa gehiago adostu eta zehaztuko dira, Udalaren gaitasunei eta herritarren beharrei egokitutako plan integral bat egiteko. Ildo horretatik, hainbat esparrutara bideratutako neurri-sorta bat lantzeko lan egingo da, hala nola, tokiko merkataritza sustatzeko laguntza bereziak sortzea, adinekoei edo gizartetik baztertzeko arriskuan daudenei laguntzeko gizarte-laguntzak, egutegi fiskala malgutzea, tasak egokitzea eta abar.