Zu hemen zaude: Hasiera Albisteak Udalak udalerriko ekonomia suspertzeko eta gizartea biziberritzeko plana abiaraztea adostu du

Udalak udalerriko ekonomia suspertzeko eta gizartea biziberritzeko plana abiaraztea adostu du

  • Udalbatzak aurrekontu-aldaketa egitea onartu du, osasun-krisiaren ondorio ekonomikoak arintzeko.
  • 400.000 euro erabiliko dira gizarte-zerbitzuak bermatzeko, 200.000 euro enplegua sustatzeko eta 90.000 euro tokiko kontsumoa bultzatzeko bonuak sortzeko. Hurrengo asteetan jarduketa gehiago adostu eta zehaztuko dira, Udalaren gaitasunei eta herritarren beharrei egokitutako plan integrala egiteko.
  • Era berean, Bozeramaileen Batzordeak herriko jaiak bertan behera uztea erabaki du. Bi ekitaldi sinboliko egingo dira, bata San Pedro egunean eta bestea Karmengo egunean. Udazkenean jaietako jardueraren bat birprogramatzeko aukera ere aztertzen da.

Joan den apirilaren 30ean egindako osoko bilkuran, Sopelako Udalak herriko ekonomia suspertzeko eta gizartea biziberritzeko plan bat martxan jartzea adostu zuen, koronabirusaren osasun krisiak eragindako ondorioei aurre egingo dien neurri-sortez osatutako plana alegia.

Asko dira alarma-egoerak ezarritako murrizketen ondorioz bertan behera utzi edo atzeratu diren kirol eta kultura-jarduerak eta proiektuak. Ildo horretatik, Udalbatzak beharrezkotzat jotzen du udal kontuak berregokitzea, egungo testuinguru sozioekonomikoak eskatzen dituen premia larrienei erantzungo dieten neurriak hartzeko.

Zentzu honetan, Udaleko talde politiko guztiek onartu dute aurrekontu aldaketa bat egitea, osasun krisiaren ondorio ekonomikoak arintzen lagunduko duten neurriak abian jartzeko. Beharrizan gehien eta baliabiderik gabeko familiei arreta azkar ematea izan da eta izango da Udalaren lehentasunetako bat. Horregatik, adostutako aldaketak alkatetzaren dekretu bidez onartuko dira, berehala eraginkorrak izan daitezen. Datu gisa, esan behar da Mankomunitateak martxoan bakarrik, Sopelako bizilagunen DBEen 245 eskabideri erantzun diela, eta konfinamenduaren bi hilabete hauetan gizarte-larrialdietarako 95 eskaera izapidetu direla.


Planaren giltzarriak: gizarte zerbitzuak bermatzea, enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzea eta tokiko kontsumoa bultzatzea.

Planak jarduketa gune desberdinak izango ditu. Laguntza sozialak, larrialdi-zerbitzuak, etxez etxeko laguntza-zerbitzua... guztiak Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitatean zentralizatuko dira. Horretarako, Sopelako Udalak badu jada 400.000 euro inguruko aurrekontua. Udalak gogorarazi du, Mankomunitatearekin berarekin lankidetzan, Sopelako bizilagunek beste laguntza batzuk jaso ditzaketela (alokairurako, energia-pobreziarako eta eskola-materialerako). Laguntza horiek garrantzi berezia izan dezakete egoera honetan, eta, behar izanez gero, handitu egingo dira.

Enplegu eta Ekonomia Sustapen Saila hainbat alderdi lantzen ari da dagoeneko, ekintzailetza, langabetuentzako laguntzak eta udalerriko langabetuak kontratatzen dituzten Sopelako enpresentzako laguntzak bultzatzeko lerroak besteak beste. Udalak 200.000 euroko diru-zuzkidura erabiliko du tokiko ekonomia eta enplegua suspertzeko zuzeneko eragina izango duten neurriak abiarazteko.

Merkataritzari, ostalaritzari eta udalerriko gainerako zerbitzu-profesionalei dagokienez, Udala oinarri arautzaile batzuk prestatzen ari da udalerriko profesional guztiek, deialdi publiko baten bidez, kontsumorako bonuen kanpaina batean parte har dezaten. Ekimen horren bidez, Udalak tokiko merkataritzari eta ostalaritzari onurak eskaini nahi dizkio, establezimendu horietako erosketa edo kontsumoa sustatuz. Era berean, herritarrek ere onurak izango dituzte, denda eta zerbitzuek bonu horien bidez eskainiko dituzten deskontuez baliatu ahal izango direlako. Horrela, bada, familiaren ekonomia arinduko duen neurria da, partikularren kontsumoa sustatuko du eta, era berean, likidezia sartuko du establezimendu txikietan. Bi une proposatzen dira bonu horiek banatzeko: bata orain, ekainean, eta bestea abenduan, 90.000 euro inguru bideratuko dira bi aldietarako, 45.000 euro ekainean eta beste 45.000 euro urte bukaeran. Bi kanpainak hasiera batean herriko jaietarako jarduerak egiteko ziren diru-zorrotik finantzatuko dira.

Ildo horretatik, bizi dugun osasun krisiaren ondorioz, joan den ostiralean, maiatzaren 8an, Bozeramaileen Batzordeak San Juan, San Pedro, El Carmen, Santa Marina jaiak, Udalekuak, Summer Camp eta Ingles Topaketak bertan behera uztea erabaki zuen. Alkatetzak proposaturik, Jai Batzordeak, kuadrillekin batera eta Udaleko Kultura Sailarekin elkarlanean, bi ekitaldi sinboliko antolatuko ditu, bata San Pedro egunean eta bestea Karmen egunean.

Era berean, pandemiaren eboluzioak horretarako aukera ematen badu, udazkenean Sopelan eta Larrabasterran asteburu bat birprogramatzeko aukera aztertzen ari da, horrela San Pedro eta El Carmen egunak egun horietara aldatuz.

Udalak azpimarratu du neurri hauekin lehen urrats garrantzitsua eman dela, baina ez dela bakarra izango. Hurrengo asteetan jarduketa gehiago adostu eta zehaztuko dira, Udalaren gaitasunei eta herritarren beharrei egokitutako plan integral bat egiteko. Ildo horretatik, hainbat esparrutara bideratutako neurri-sorta bat lantzeko lan egingo da, hala nola, tokiko merkataritza sustatzeko laguntza bereziak sortzea, adinekoei edo gizartetik baztertzeko arriskuan daudenei laguntzeko gizarte-laguntzak, egutegi fiskala malgutzea, tasak egokitzea eta abar.


 

 

Oharrak

  • 2018eko azaroaren 21a.
    Bilera Olentzero eta Mari Domingiren harrera

    Azaroaren 26an  Olentzero eta Mari Domingiren harrera antolatzeko batzordearen lehen bilera egingo da, 18:00etan, Kurtzio kultur etxean.

     

  • 2017eko abenduaren 05a.
    Trafiko desbideraketak Sopelan bidegorriko lanak direla eta

     

    Abenduaren 11an hasiko eta urtarrilaren 12ra arte luzatuko diren bidegorriko lanak direla eta, Enrike Urrutikoetxea eta Olabide kaleen arteko bidegurutzean trafiko desbideraketa batzuk izango dira.

    Halaber, abenduaren 11n Olabide kaleko aslfaltoaren konponketa lanei hasiera emango zaie, oinezkoentzako pasabideak ere igoko direlarik. Lan hauen iraupena, 2 aste ingurukoa izango da eta kasu honetan, lan gunea kontuan hartuta, seinale edota semaforo bidezko ordezko pasabideak jarriko dira.

  • 2017eko ekainaren 14a.
    Urez hornitzeko sarearen konponketa lanak

    Noiz: ekaina, uztaila eta abuztua

    Lekua: Akilino Arriola kalea

    Eragina trafikoan: Loiola Ander Deuna-Iberre bide-zatia eta Iberre eta  Goiene arteko espaloia.

    Zergatia: Ur edangarriko hodiaren ubideratzearen aldaketa

    Semaforo bidezko ordezko pasabidea instalatuko da

    Sopelako Udalak Akilino Arriola kaleko ur-hornidurako sarearen ordezpen lanak hasi ditu. Lanen iraupena 2 hilabete ingurukoa izango da, hortaz Akilino kaleko trafikoari eragingo die Iberre kaletik Ander Deuna kalerarte semaforoz erregulatuko den bide bakar batekin. Ur edangarriko hodiaren ubideratze osoa aldatzean datza.

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia