Sopelak bidegorriak eraikitzeko ideien lehiaketa bat abiarazi du

Sopelak, udalerriko zenbait gune garrantzitsu lotzen dituen bidegorri‑sarea du. Horrez gain, alokairuzko bizikleten puntuak ere badaude, non betiko bizikletez gain, elektrikoak ere eskura daitezkeen. Hala ere, Uribe Kostako bizikleta‑bideen oinarrizko sarean ikusten denez, bidegorri‑tarteak, orain arte, isolatuta egin dira, eta, Sopelako Udalaren ustez, garaia da zerbitzua hobetzeko, hau da, unea da garraio jasangarri gisa sustatzeko, eta ez bakarrik jolas edo kirol moduan erabiltzeko.

Nahiko genuke, bada, sopeloztarrek prozesu honetan parte hartzea, eta, horregatik, Sopelako Udalak, Hirigintza, Obra eta Zerbitzu eta Ingurumen Arloen bidez, abian jarriko dugu Sopelako bidegorri‑sarea eta instalazio osagarriak garatu eta hobetzeko ideien lehiaketa” azaldu du Josu Lanzaluze alkateak.

Aurkezten diren ideiek zerikusia izan beharko dute bidegorriekin, alokairu‑puntuekin edo horiei loturiko instalazioekin. Lehiaketa behar bezala ezagutaraziko da Udalaren web‑orrian, eta, horrekin batera, argitara emango dira nahitaez bete beharreko oinarriak ere. Irabazten duen ideiak, Udalaren web‑orrian argitaratzeaz gain, 150€ko saria jasoko du; bigarrenak, 100€; eta hirugarrenak, 50€. Sari guztiak Sopelako saltokietan erabili beharko dira