Sopelak Putxera Egunaren X. edizioa ospatuko du larunbat honetan, azaroak 2

Jada ohikoa denez, beste urte batez, azaroaren lehenengo larunbatean, hilak 2, hitzordu gastronomiko errotuenetariko bat ospatuko da Sopelan: Putxera Eguna. Marmiton Kolektiboak, Sopelako Udalarekin antolatutako ekimenak bere X. edizioa ospatuko du aurten eta hitzordua inoiz baino bereziagoa izango da.

X. Putxera Eguna Marmitoneko kideek antolatuko duten azkenekoa izango da. Hamar urte igaro ondoren, Pepetxinen lagunek agur esango dute eta hurrengo belaunaldiei utziko diete ekitaldiaren antolakuntza.

Beti bezala, izen emateak doakoak izango dira eta 9:00etatik 11:00ak arte egingo dira udaletxeko plazan. Putxerak, aldiz, 12:00ak eta 13:00ak artean aurkeztu beharko dira eta parte-hartzaile bakoitzak bi putxera aurkeztu ahal izango ditu gehienez. Osagaiei dagokionez, txorizoa, odolostea, urdaia eta saiheskia ezinbestekoak izango dira eta txerrikia edota txahal-hegala bezalakoak ere onartu egingo dira.

Sariak ere ugariak izango dira; alde batetik, 10 sari orokor banatuko dira, txapelez, garaikurrez, ikatzez, pizgailuz eta diruz osaturikoak; beste alde batetik, 15 sari herrikoi ere emango dira.

Jai gastronomiko hau erreferente bihurtu da Uribe Kostan eta inguruetan. Izan ere, iaz, marka guztiak hautsi ziren eta ekimenak 166 putxera bildu zituen, horietariko 99 Sopelakoak.