Sopelako Udalak guztira 40.000 euro bideratuko ditu pertsona gazteei euren emantzipazio bidean laguntzeko eta Sopelan alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko erraztasunak eskaintzeko.
Eskaerak egiteko epea gaur zabaldu da, urriak 23, eta interesa duten pertsonek, azaroaren 8ra arte izango dute eskaerak aurkezteko denbora.
Instituzio publikoek beharrezkoak diren inguruabarrak bultzatu behar dituzte etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea bermatzeko. Sopelako Udalak jakin badaki udalerrian etxebizitza bat alokatzeko zailtasunak dituzten herritarrak daudela. Hala, beste urte batez, Udalak laguntza ekonomikoak emango ditu etxebizitzaren alokairuaren ordainketa errazagoa egiteko.
“Pertsona gazteei laguntzea euren emantzipazio bidean eta orokorrean, Sopelan alokairuko etxebizitza bat eskuratzea erraztea dira dirulaguntza lerro honen bi helburu nagusiak” esan du Josu Landaluze alkateak.
Udalak, guztira, 40.000 euro bideratuko ditu eta eskaerak egiteko epea gaur bertan, urriak 23, zabaldu da. Interesa duten pertsonek, azaroaren 8ra arte izango dute eskaerak aurkezteko aukera. Sopelako Udalak Sabino Arana kaleko 1.ean duen Erregistro Nagusian aurkeztu beharko dira eskabideok, edo bestela, Larrabasterrako Loiola Ander Deuna kaleko 28.ean dagoen Herritarren Arretarako Bulegoan. Era berean, telematikoki aurkeztu ahal izango dira Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez: https://sopela.egoitzaelektronikoa.eus
Onuradunei dagokionez, bi adin-multzo ezberdinduko dira: 18 eta 35 urte bitarteko pertsonak (A-Modalitatea) eta 36 urtetik gorako pertsonak (B-Modalitatea).
Dirulaguntzen onuradun izan daitezke, beste batzuen arten, baldintza hauek betetzen dituzten adin nagusiko pertsona fisiko guztiak:
- Diru-laguntzaren eskatzailea etxebizitza baten alokairu kontratu baten titularra izan beharko da, eta etxebizitza hori bere ohiko egoitza izan. Aipatutako kontratua Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroan inskribatuta izan beharko da.
- Nazionalitate espainiarra eduki beharko da, edo Europear Batasuneko Estatuetako baten nazionalitatea, edo Europear Espazio Ekonomikoarena, edo Suitza. Beste atzerritarren kasuan, Estatu espainiarrean legalki bizi beharko dira.
- Errolda: Diru-laguntzen onuradun diren BU-ko pertsona guztiek diru-laguntza jasoko duen etxebizizan erroldatuta egon beharko dute eskaera egiten duten momentuan, eta gainera, BU-ko pertsona guztiek Sopelan erroldatuta egon beharko dute gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin etenik gabe.
- Dirulaguntza eskatzen duen pertsonaren eta errentatzailearen artean ezin izango da inolako familia-loturarik izan odolkidetasun edo ahaidetasuneko bigarren mailaraino.
- BU-ko diru-sarreren muga urteko deialdian: 25.000,00 euro gordin urtean, bizikidetza-unitatea pertsona bakar batez osatuta baldin badago. 32.000,00 euro gordin urtean, bizikidetza-unitatea bi pertsona baino gehiagoz osatuta baldin badago
- Antzeko xedea duten beste administrazio publikoko laguntzekin bateraezinak dira. Beraz, BU-ko inor ezin izango da antzeko xedea duten beste administrazio publikoko laguntzen onuradun izan.
- Alokatutako etxebizitza Sopelako udalerriaren barne aurkitu beharko da, eta Udal Erroldan altan emanda. Etxebizitza lehendik dagoen eraikin batean kokatuta egon behar da, eta eraikin hori hirigintza-planeamenduan finkatuta izan behar da, eta haren aurreikuspenekin bat etorri.
Interesa duten pertsonek, bete beharreko baldintza, balorazio irizpide eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazio gehiago Sopelako herrian etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak ematea arautuko dituzten oinarri erregulatzaileetan kontsultatu ahal izango dute.