Sopelako Udalak paperontzi eta txakurren gorozkiak jasotzeko banagailu berriak eskuratu ditu

Sopelako Udalak udalerriko gune desberdinetan 200 kale-paperontzi eta txakurren gorozkiak jasotzeko 11 paperontzi eta banagailu instalatuko ditu datozen asteetan. Guztira 57.118 euro inbertitu ditu Udalak eta Novatilu, S.L. enpresak abiaraziko ditu instalazio lanak.

Paperontzi berriak hormigoi prefabrikatuz eginda daude eta 140 litroko edukiera dute. Angeluzuzenak dira, hondakinak alde guztietatik botatzeko aukera eskainiz.

Zigarro-mutxikinak eta paperak dira egunero garbitzaileek kaleetan jasotzen dituzten hondakin ohikoenak, hori dela eta Udalak herritarrei garbiketa mantenuan aktiboki laguntzeko deia luzatu nahi die. Halaber, Udalak hiri-altzariak zentzuz eta arduraz erabiltzeko mezua zabaldu nahi du, herritarrek ganorazko erabilera eman diezaieten.