Sopelako Udalak 27.000 euro bideratuko ditu emakume eta adinekoen laguntzetara

Sopelako Udalak diru-laguntzen bi deialdi berri jarri ditu martxan emakumeen eta adinekoen arloan jarduerak sustatzeko. Udalak guztira 27.000 euro bideratuko ditu, zehazki, 15.000 euro banatuko ditu emakumeen arloan jardueraren bat egin nahi duten Sopelan erroldatutako pertsona fisiko eta egoitza udalerrian duten pertsona juridikoen artean eta beste 12.000 euro adinekoen arloan jardueraren bat egin nahi dutenen artean. Bi kasuetan, proiektuak baliagarriak izan behar dira udalerrirako, Udalak arlo horretan eginiko jarduketak handitu, osatu edota ordeztuko dituztenak, alegia.

Laguntza hauek eman nahi dira Sopelan emakume edo adinekoen arloan egingo diren jarduerak finantzatu ahal izateko 2018. urtean, hain zuzen ere jarduerak egiten dituztenen gastuak ordaintzeko, baita bertan garaturiko jarduera-egitarauen ondoriozko gastuak ordaintzeko ere.

Eskabideak aurkezteko epea irailaren 6ra arte egongo da zabalik.