Sopelako bi udaltzainen lana aitortu du Udalak

Josu Landaluze Sopelako alkateak eta Alberto Lopez Sopelako udaltzainburuak bi diploma eman dizkiete irailaren 10ean bihotz eta arnas gelditzea izan zuen 74 urteko emakume bat suspertzen parte hartu zuten bi agenteei.

Landaluzek, udalbatza osoaren izenean, udaltzainen esfortzua eta jarrera eskertzeaz gain, Udaltzaingoko langileeek martxoan pandemia agertu zenetik erakusten ari diren konpromisoa, profesionaltasuna eta dedikazioa ere azpimarratu nahi izan du.

Bestalde, Albertok gogora ekarri eta balioan jarri nahi izan du, agenteak iritsi baino lehen, emakumeari lehen arreta eman zioten bi osasun langileen jarrera. Zirujau bat eta EUD bat, hirugarren pertsona baten laguntzarekin batera, 10 minutu baino gehiago egon ziren bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) egiten, biktimak pultsua lehenbailehen berreskura zezan. Haren lan azkar eta etengabea erabakigarria izan zen emakumearen bizitza salbatzeko. Agenteak iritsi zirenean, poliziaren bulegoetan dagoen desfibriladorea bertara eramango zuen beste agente baten laguntza eskatu zuten irratitik. Bitartean, osasun langile eta poliziek BBB maniobrekin jarraitu zuten. Makina bertan zegoela, bi deskarga egin eta hamar minutuko agoniaren ostean, emakumeak bihotzaren erritmoa berreskuratzea lortu zuen. Handik gutxira, Osakidetzako anbulantzia iritsi zen eta biktima behin betiko egonkortzeaz arduratu zen.

Sopela kardiobabestua

Sopela gune kardiobabestua da. 2016an, Udalak bere bizilagunei segurtasun handiagoa ematearen aldeko apustua egin zuen, eta udal-eraikinetan instalatu ziren hamabi desfibriladore erosi zituen. Horiek, honako lekuetan instalatu ziren: Kurtzio Kultur Etxea, udal liburutegia, frontoia, udal igerilekuak, Jubilatuen Etxea, Itzarturen lokalak, Udaltzaingoaren egoitza, Udaletxea, el cubo eta futbol eta saskibaloi zelaian. Horretarako, guztiz justifikatuta eta amortizatuta dauden 15.000 euro inguruko inbertsioa egin zuen.

Ekipo mugikor hauek oinarrizko ezagutzak dituen edonork erabil ditzake. Udaltzaingoaren kasuan, agente guztiek udal-bulegoetan osasun-langileek emandako larrialdi-ikastaroetan eskuratutako beharrezko ezagutzak dituzte. Ikastaro horien helburua atzeratu ezin diren berehalako bi asistentziak erakustea zen: eztarri trabatzeak eta bihotz-gelditzeak. Ikastaro horietan, gainera, hogeita hamasei udal-langilek parte hartu zuten.