Sopelako Udala - Udaltzaingoak galdutako adineko gizon frantses bat topatu du

Udaltzaingoak galdutako adineko gizon frantses bat topatu du

 

Asteazkenean, 81 urteko adineko gizon batek hasitako bidai gorabeheratsuak, bukaera zoriontsua izan zuen, herritarren kolaborazio, Sopelako Udaltzaingoaren jarduna eta herriko akademia bateko frantsesezko irakasle baten laguntzari esker. 

Martxoaren 8an, 19:30ak aldera, Sopelako Udaltzaingoak herriko supermerkatu baten deia jaso zuen. Dirudienez, frantsesa bakarrik hitz egiten zuen eta galduta zirudien adineko gizon batek denbora asko zeraman supermerkatuaren barruan. 

Udaltzaingoa establezimendura gerturatu zen eta gizonarekin komunikatzea ezinezkoa zela ikusirik poliziaren bulegoetara eraman zuten. Bertan, adinekoak identifikazio txartelik ez zeramala konprobatu zuten, bai ordea gudulari izandako agiria. Bere maletak Air Europako etiketa bat ere bazeukan. Hortaz, Udaltzaingoa konpainiarekin kontaktuan jarri zen eta hauek azaldu zutenaren arabera, gizonezkoak bere emakumearekin Loiun hegazkin bat hartu zuen, baina gizonak antsietate krisi bat izan zuen eta hegazkinetik jaitsi behar izan zuten.

Gizonak maleta barruan telefono zenbaki batzuk zituen agenda bat zeraman. Udaltzaingoa, komisaria ondoko hizkuntza akademia bateko irakasle baten laguntzari esker, gizonaren ezagun batzuekin kontaktuan jarri zen eta ezagunek Irunen zegoen emaztearekin hitz egin zuten.

Dirudienez, bikotea Loiuko hegazkinetik jaitsitakoan, Termibusera gerturatu zen eta bertan, Irunera bidaiatzeko txartelak erosi zituzten, hortxe baitzuten kotxea. Baina Termibusen, emakumeak bere senarra bistatik galdu zuen. Ustez, gizonak metroa hartu eta Larrasbasterraraino bidaiatu zuen. Emakumeak, bere senarra aurkitzen ez zuela ikusita, autobusa hartu eta Irunera joan zen, kotxea hartzeko eta Bilbora senarraren bila bueltatzeko asmoarekin.

Azkenean, Udaltzaingoa emakumearekin Loiuko aireportuan elkartu zen eta berraurkitzea gauzatu zenean, bikotea hotel batera eraman zuten, behar bezala deskantsatzeko.