Gaur eraman dute epailearen aurrera Sopelan edukiontziak erretzeagatik atxilotutako gizonezkoa

Quema contenedores
Sopelako Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren egintza koordinatu bati esker, atxilotu zuten, astelehenean, Bizkaiko udalerri horretan, 2017ko urtarrilaren 1eko gauean, edukiontziak erretzearen ondoriozko kalte-delituen ustezko egilea. 48 urteko gizonezko bat da.

2016an, nahita piztutako hainbat sute izan zen Sopela udalerrian. Sute horiek zaborra, papera eta beira biltzeko edukiontzietan izan zuten eragina. Hori dela eta, udalerri horretako udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza-operatiboak jarri zituzten abian.

Joan den igandearen, urtarrilaren 1aren, azken orduan zenbait edukiontzi erre zituzten Zabaldide eta Zubigane kaleetan. Suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten sugarrak itzaltzeko.

Udalerrian abian zen zaintza-operatiboak egintzen ustezko egilea identifikatzeko aukera eman zuen. Antzeko egintzen ondorioz polizia-aurrekariak dituen gizonezko bat da, 2015ean eta 2016an edukiontziak erretzeagatik atxilotu eta zigortu zutena.

Astelehen honetan, gaueko bederatziak inguru, Sopelan aurkitu zuten susmagarria, eta polizia-patruila batek atxilotu zuen. Atxilotua polizia-dependentzietan izan da, gaur, asteazkena, epailearen aurrera eraman duten arte.