Sopelako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, Udaltzaingoak gidaritzan burututako listu-laginen analisien inguruko hitzarmena sinatu dute

Gontzal Hermosilla
Sopelako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, Sopelako Udaltzaingoak eskuratutako listu-laginen analisiaren inguruko elkarlan hitzarmena sinatu dute. Analisiek ibilgailuen gidaritzan drogen presentzia egiaztatzea dute helburu.

Bi erakundeak jakitun dira drogen eraginpean gidatzea gizarte-arazo bat dela eta beharrezkoak direla horri aurre egiteko gertakari horren aurkako borrokan eskumenak dituzten administrazioen arteko koordinazio eta lankidetzako antolakuntza-moduak.

Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legeak adierazten du drogak listuan hautemateko gailuen aldeko hautua, egiaztatu baita juridikoki seguruak direla, gidarientzat ez direla intrusiboegiak eta, poliziaren ikuspuntutik, bideragarriak direla. Bide segurtasunerako arazorik larrienetakoa den arazo honi aurre egin nahi zaio. Drogen eraginpean gidatzen den hautemateko probak listuaren bidez egingo dira, baimendutako gailu batekin, eta ondoren listu-kopuru nahikoa duen lagin bat analizatuz.

Sopelako udaltzaingoak ez du baliabide teknikorik drogen eraginpean gidatzen ote den jakiteko, analisiak egiteko beharrezkoak diren polizia zientifikoen lanak eta peritu-lanak gauzatu ahal izateko; Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateak, berriz, horretarako beharrezkoak diren azpiegiturak badituenez gero, bi aldeek egoki iritzi diote azpiegitura horiek erabiltzeari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legean aurreikusitako listu-proban lortutako laginak analizatzeko eta, horrela, drogen eraginpean gidatu izan den egiaztatu ahal izateko.

Era honetan, itxuraz sustantziapean gertatutako istripu edo trafikoko arau-hauste kasuan edota Sopelako Udalean programatutako prebentzio-kontroletan udaltzainek gidariei drogak listuan hautemateko testa egiteko eskubide osoa dute, eta gidariak, gainera, proba egitera behartuta daude.

Sinatutako hitzarmen berri hau, Sopelako Udalak eta bertako Udaltzaingoak euren titulartasunean dauden bideen Bide Segurtasuneko Zaintze eta Kontrolaren alde egiten duten apustuaren erakusgarri da. Segurtasuna guztien arazoa izanik, 2020rako Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoaren helburu garrantzitsuenetariko bat betetzea du helburu hitzarmenak: bideetan hildakoen eta zauritu larrien kopurua murriztea.