Euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu du Sopelako Udalak

Sopelako udalbatzak euskal selekzioen aldeko proposizioa onartu zuen atzo, apirilak 29. Bilduk aurkeztutako testuak euskal selekzioak nazioarteko txapelketetan modu ofizialean lehiatzeko aukera izan dezala aldarrikatzen du. Bilduko sei zinegotzien aldeko botoez gain (Bilduko zinegotzi bat ezin izan zuen udal bilkurara joan), EAJ-PNVko zazpi zinegotziek ere alde bozkatu zuten. PSE-EEko zinegotzi biek eta PPko zinegotzi bakarrak kontra bozkatu zuten; beraz, aldeko 13 boto eta kontrako hiru egon ziren.

Onartutako proposizioak honakoa dio:

"Azkeneko hilabeteetan selekzioaren ofizialtasunari buruzko eztabaida mahai gainean egon da. ESAITek argi eta garbi utzi zuen bere posizioa gai horren inguruan.

Aipatu eztabaidan, hainbatek, selekzioaren gaia eurokoparekin batera azaltzea baliatu zuen selekzioaren ofizialtasunari ezetz esateko.Eurokopa San Mamesera etorri, Madrilen, edo eta Europako beste hiriburutan izan, arazoa berbera izango da: egun, espainiar futbol federazioak batez ere, euskal selekzioari betoa ezartzen dio. Arazo zentrala beraz, euskal selekzioak duen betoa da.

Horregatik, instituzioek, gizartearen gehiengo batek konpartitzen duen eskaerari erantzun positiboa eman beharko liokete.

Testuinguru horretan ESAITek, EAJ, EHBildu eta PSEko legebiltzarkide eta Bizkaiko Batzar Orokorretako kideekin eta EAJ-ko EBBko kideekin zein SORTUrekin bildu ondoren, iniziatiba instituzional bat martxan jartzea erabaki du.

Iniziatiba hau, mozioen bitartez garatuko da eta Euskal Herriko instituzioetan ( Udaletan, Foru Aldundietan eta Gasteiz eta Iruñako parlamentuetan ) eztabaidatu ondoren, Espainiako futbol federakuntzara bideratuko da eskaera.

Iniziatiba honen helburu nagusia da, kasu honetan, Espainiako futbol federazioari jakinaraztea, euskal herriko instituzioek ere, euskal jendartearen gehiengo handi bat bezala, euskal selekzioaren ofizialtasunarekin bat daudela eta euskal selekzioa Eurokopan eta beste txapelketa ofizialetan lehiatzen ikusi nahi dutela, alegia, egun dagoen betoa kendu eta beste nazioen modura lehiatzeko aukera izatea.

Horregatik, iniziatiba honen aurrean eta aurrez aurre egindako bileretan eskatu bezala, berriro eta publikoki, dei zuzena egiten diegu, batik bat, euskal instituzioetan ardura duten EAJri, EHBilduri eta Alderdi sozialistari euskal jendartearen gehiengo handi baten nahia babestu dezatela eta beraien esku dagoen guztia egin dezatela, aldarrikapen hori errealitate bihurtzeko.

Amaitu da aitzakien garaia. Ez da aitzakirik. Ez da Eurokopa mozioari ezetza emateko aldagaia izango. Argi eta garbi, herritarren aurrean, alderdi politiko ezberdinak definitu beharko dira, euskal selekzioaren ofizialtasuna dagokien instituzioei eskatzearen alde dauden edo ez erabaki beharko dutelako. Betoa eta berdintasunaren artean erabakitzeko unea iritsi da. Betoa eta eskubideen errespetuaren artean erabakitzeko unea iritsi da."

Bestalde, gogora ekarri behar dugu EUROPAR BATASUNAREN OINARRIZKO ESKUBIDEEN KARTAK (2007/C 303/01),

          21. artikuluan, 1 eta 2. puntuan dioena:

"1. Bereizkeria oro debekatzen da, eta, bereziki, sexua, arraza, larru-kolorea, etnia- edo gizarte-jatorria, ezaugarri genetikoak, hizkuntza, erlijioa edo pentsaerak, iritzi politiko edo beste edozein motatakoak, gutxiengo nazional baten kide izatea, ondarea, jaiotza, ezgaitasuna, adina edo sexu joera direla bide gauzatutakoa.

2. Naziotasunaren ondoriozko bereizkeria oro debekatzen da, Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuaren eta Europar Batasunaren Tratatuaren aplikazio-esparruan, tratatu horietako xedapen bereziak gorabehera."

Gurean aldiz, nahiz eta gizartearen gehiengoak bat egin, euskal selekzioa baztertua da nazioarteko txapelketetatik. Botere publikoek, naziotasun eskubidea bermatzeaz gain, gizartearen nahiari modu positiboan erantzun beharko liokete, eskura diren bitartekoak erabiliz.

Zentzu honetan, erakunde honen konpetentzia euskal selekzioa baztertzea  ekiditea ez bada ere, ekarpen xume bat egin lezake, dagozkien instituzioei, udaletxe eta herri/hiri honen aldarria helarazi eta egungo bazterketa ezar  ez dezaten. Hau dela eta, honako mozioa aurkezten da.

Horregatik guztiagatik, Udalbatzak honako hau onartzen du AKORDIOA: 

Sopelako Udalak, sopeloztarren borondatearen ordezkari gisa, honako eskaria luzatzen du:

1.- Euskal selekzioak ofizialki nazioarteko txapelketetan  gainerako selekzioen baldintza beretan lehiatu dezan aldarrikatzen du.

2.- Eta hori  ahalbideratu ahal izateko, UDALAK, Espainiako Futbol Federazioari, Euskal Selekzioari ezarritako betoa kendu  eta nazioarteko txapelketetan parte hartzea ahalbidera diezaiola eskatzen dio.

Onartutako akordioaren berri emango zaio, halaber, Espainiako Futbol Federaziori: Real Federación Española de Fútbol; Ramón y Cajal, s/n, 28230 Las Rozas, Madrid.