Igeri Taldearen Sari Herrikoiak, 10 urte!

Urtarrilaren 12an Sopelako Igeri Taldeak X. Sari Herrikoia antolatuko du. Bere helburua eremu guztietan igeriketa sustatzea izango da. Antolatzaileek nabarmentzen dutenez, sariak ez du inolako asmo lehiakorrik, auzokideen parte-hartzea bultzatu gura dute, hots, jaiegun eder bat antolatzea. Horretarako, adin guztietako lagunak elkartzea espero dute.

Honako probak burutuko dira: 16, 25 eta 50 metrokoak (adinaren arabera banatuko dira). Partehartzaile guztiek oroigarri bat eramango dute parte hartu ostean, ta gainera, partehartzaileentzat puzgarriak jarriko dira igerilekuan.

Sari hau oso sustraituta dago Sopelan. iaz, adibidez, 250 lagunek parte hartu zuen, 4 eta 83 urte bitartekoak, eta Bizkaiko herri ezberdinetatik etorritakoak.