‘Kosta Trail’ elkarteak 'Virtual Trail’ lasterketa solidarioa abiarazi du GaituzSport Fundazioaren alde
- Azken eguneraketa: 2021eko maiatzaren 21a
- Bisitak: 16626
- Sopelatik igarotzen den probaren antolakuntzak pilaketak saihestu eta parte-hartzaile guztien segurtasuna bermatuko duen formatu birtualaren alde egiten du, probaren espiritu solidarioa mantenduz.
Kosta Trail, Sopelako hainbat tokitatik igarotzen den lasterketa beteranoa. aurten itzuliko da 'Virtual Trail' izenarekin, Covid-19k eragindako osasun egoera dela eta.
Hamalau edizio igaro eta pandemiagatik iazko proba bertan behera gelditu ondoren, aurten formatu birtualean egingo da lasterketa, jende pilaketa saihesteko eta parte-hartzaile guztien segurtasuna bermatzeko.
Ez da aldatzen, ordea, izaera solidarioa, Kosta Trailen sinbolo argia baita eta orain 'Virtual Trail' ekimenera helburu berarekin iristen dena: kirola egitea arrazoi on batengatik eta dirua biltzea, GaituzSport Fundazioaren lanari esker, berriz ere, pertsonen inklusioa sustatzeko.
GaituzSport-ek aniztasunarekiko errespetuzko gizarte inklusiboa eraikitzeko lan egiten du eta jarduera fisikoaren eta kirolaren praktika bultzatzen du desgaitasunen bat duten eta ez duten pertsonen artean, baldintza berberetan, haien bizi-kalitatea hobetuz. Bere jarduerari buruzko informazio guztia https://www.gaituzsport.eus webgunean aurkitu daiteke.
Lasterketaren lehen ediziotik (2006) gaur arte, 154.000 euro eman dira helburu solidarioetarako, hainbat gizarte-erakunderen bitartez.
Parte-hartze handia
Aurten partaidetza handia eta diru-bilketa handia lortzea da helburua. Hori dela eta, proba inoiz baino eskuragarriagoa izango da eta parte-hartzaileek erabakiko dute noiz, nola eta nondik egin nahi duten.
'Virtual Trail 'saioak ohiko hiru modalitate izango ditu: mendi Maratoi Erdia (21 km), Mendi Martxa (20 km) eta Familia Martxa (10 km), baina, berrikuntza gisa, guztiak korrika edo oinez egin ahal izango dira eta pertsona bakoitzak nahi duen egunean egin ahal izango du proba, 2021eko ekainaren 13tik uztailaren 13ra bitartean.
Gainera, ibilbideak osatu ahal izango dira Kosta Traileko hondartza eta itsaslabarren ohiko trazadura ikusgarriari jarraituz edo distantzia bereko ibilbide libre batean zehar.
Horrela, Uribe Kostara joan beharrik gabe parte hartu nahi duten pertsonei alternatibak eskaintzen zaizkie. Parte-hartzaile bakoitzak 'Virtual Trail'-a egin nahi duen eguna, ordua eta ibilbidea aukeratu ahal izango dituenez, modalitate guztiak autosufizientzian izango dira.
Izena ematea
Parte-hartzea sustatze aldera, inskripzioek 3 euroko kostu sinbolikoa dute edozein distantziatarako.
Izena emateko azken eguna uztailaren 13a izango da, www.kostatrail.com webgunearen bidez soilik, paperezko inskripzioak ezabatu eta ekitaldiaren iraunkortasun-konpromisoarekin jarraitzeko.
Gogorarazten dizugu hilabeteko epea duzula (ekainaren 13tik uztailaren 13ra) egin daitezkeen sei ibilbideetako bat osatzeko (Uribe Kostatik Kosta Trailaren ohiko ibilbidea jarraituz edo zure udalerritik irten gabe), korrika edo oinez. Zuk aukeratzen duzun bezala!