San Silbestrerako izen-ematea, itxita

San Silvestre
Larrabasterrako Sansilbestrearen hirugarren edizioak 600 parte hartzaile bilduko ditu aurten, Urte Zahar egunean. Sopelako Udalak eta Hirubi Taldeak antolatutako lasterketa Urgitxieta plazan hasiko da eta hiru kategoriaz osaturik egongo da: Umeak (0-7 urte/400 metro), Gazteak (8-14 urte/800 metro) eta Nagusiak (15-99 urte/4.000 metro). Lehengoa 17:00etan hasiko da, bigarrena, 17:15etan eta azkenekoa 17:30etan. Parte-hartzaile guztiek opari bana jasoko dute proba amaitzean, eta gainera, mozorrotuta doazenek opari berezia izango dute.

Dortsalak ostegunean eta ostiralean, abenduak 29 eta 30, banatuko dira udal igerilekuetan 18:00etatik 20:00etara. Lasterketaren egunean ez da dortsalik banatuko. Euro bi ordaindu beharko da dortsala jasotzerakoan eta bildutako dirua CESRT (Chios Eastern Shore Response Team) Chios irla grekoko errefuxiatuen alde aritzen den elkarteari emango zaio.