Azaroaren 8an, apo lasterkariaren putzuak egiteko AUZOLANA! Parte hartu!

Azaroaren 8an, larunbata, 10:30etik aurrera Barinatxe hondartzaren inguruan AUZOLANA izango dugu apo lasterkariaren bizilekua izango diren putzuak atontzeko. Parte hartu! Eman izena 943 466 142 /   E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. . 

Eusko Jaularitzak 2013. urteko ekainaren 18an Euskal Autonomia Erkidegoko Espezie Mehatxatuen Zerrenda eguneratu zuen. Ordura arte zerrendan sartu barik zeuden hainbat talde taxonomiko lehen aldiz sartu ziren sailkapenean, besteak beste goroldioak, saguzar espezie asko eta lehen aldiz ornogabeak.

Aurrez sailkapenean zeuden arrain, anfibio, narrasti, hegazti eta ugaztunen kasuan aldaketa txikiak eman baziren ere, Sopelako udal lurretan berriki topatu den espezie bati mesede egin diezaiokeen ekintza burutu zen. Izan ere, Bizkaiko apo lasterkariaren (Bufo calamita) populazio bakarra, Getxo eta Sopelako lurretan barreiatzen dena, “Kaltebera” gisa sailkatua izan zen. Ordura arte, populazio honen jarraipena Aranzadi Zientzia Elkarteko zientzialariek gauzatu zutela ikusita, Udala eta Aranzadi elkartu eta proiektu bat martxan jartzeko ardura hartu zuten alde biek.

Egitasmoa 2013. urte amaieran hasi bazen ere, ekintza gehienak 2014. urtean zehar burutu dira. Hori bai, dibulgazio eta sentsibilizazioaren aldetik ekintza batzuk 2015eko udaberrian burutzea aurreikusten da.

Proiektuak hiru ardatz nagusi ditu. Alde batetik, ikerketa lerroa, populazio mehatxatu honen inguruko ezagutza maila areagotzeko nahitaezkoa izango dena, eta beste bi lerroak sendotzen lagunduko duena. Izan ere, kudeaketa lanak (bigarren ardatza) eraginkorrak izan daitezen aurrez ikerketa lanak burutzea oso garrantzitsua da. Azkenik, dibulgazio plana, herritarrak Sopelako ondare kulturalaz gain ondare natural bat badela kontzientziatzeko asmoz.

Ikerketa lerroan barneratzen ziren ekintza guztiak gauzatu dira dagoeneko. Lehen urratsa Sopelako kostaldeko landaredi maparen eguneratzea izan da, hau da, espeziarentzat egokiak diren eta desegokiak diren landaredi unitateak marraztu dira. Lan hau oso baliagarria da, espezieak etorkizun hurbil edo urrunean jarraitu dezakeen joera igarri daitekeelako eta, horrela, kudeaketa ekintza egokiak proposatu daitezke eremu baliagarrienetan.

Horrez gain, espezieak zein habitat lehenesten dituen ikertu da, markatutako banakoak jarraituz. Egiari zor, aurtengo urtea oso lehorra izan da, eta nekez topatu ahal izan dira banakoak aktibo. Gauzak honela, aurtengo datu eskasak aski izan ez direnez, azken bederatzi urteetan jarraipen programan bildutako emaitzak ere baliatu dira espezieak zein habitat lehenesten duen ikertzeko.

Baina beharbada proiektu honen ardatza, eta etorkizun hurbilean garrantzi handia izango duen ekintza Udal mailako akzio-plan bat adostu eta martxan jartzea izango da. Europako beste herrialdeetan bildutako emaitzak aintzat hartu, eta 9 urte hauetan Aranzadik bildutako emaitzak erabili dira akzio-plan bat idazteko. Aurreikuspenen arabera ekintza-plan hori 2015. Urte hasieran martxan hasiko litzateke.

Dagoeneko akzio planaren kudeaketa ekintza batzuk gauzatu dira, putzu berri bi sortu baitira Sopelako udal lurretan. Horrez gain, dibulgazio ekintza batzuk gauzatu dira: irailaren 29an bertso-apo saioa burutu zen Sopela Kosta Fest jaialdian, eta sortu berri ziren putzuak ikusteko aukera izan zuten bertaratu zirenak. Hori bai, putzuak ur barik zeuden euri oso gutxi egin baitu udazken lehor honetan. Baina ekintzak ez dira amaitu, dibulgazio eta kudeaketa ekintza gehiago burutuko dira azaroa eta abenduan zehar.

Esaterako, azaroaren 8an apo lasterkariaren bizilekua izango diren putzuak atontzeko AUZOLANA izango dugu. Hitzordua 10:30ean izango da, Barinatxe hondartzako aparkalekuan dagoen izozki-postutxoan. Sopelako udal lurretan sortutako putzuak egokitu eta hesitzea izango da asmoa. Erremintak eta hamaiketakoa antolakuntzak jarriko ditu, gogoa partehartzaileen esku! Parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea: 943 466 142 / E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. .

Animatu eta parte hartu!