Sopelako Udala - Fracking-agaz lotutako baimen guztiak etetea eskatu du Sopelako Udalak
Zu hemen zaude: Hasiera Albisteak Fracking-agaz lotutako baimen guztiak etetea eskatu du Sopelako Udalak

Fracking-agaz lotutako baimen guztiak etetea eskatu du Sopelako Udalak

Sopelako Udala fracking-aren kontra agertu da beste behin ere. Iazko uztailean Sopela “fracking gabeko herri” izendatua izan zen, eta oraingoan, Sopelako Udalak praktika honekin lotura duten baimen guztiak bertan behera uztea aldarrikatu du.

Sopelako Udal Gobernuak aurkeztutako mozioak fracking-aren bitartez aztertu, ikertu edo ustiatu daitezkeen hidrokarburo ez konbentzionaletarako Ikerketa Baimen guztiak bertan behera geratzea eskatzen dio Hidrocarburos de Euskadi enpresa publikoari.

Testuak Bildu (7) eta PSE-EE (2) taldeen babesa lortu zuen. EAJ (7) abstenitu egin zen, eta PPko zinegotzi bakarrak kontra bozkatu zuen.

Onartutako testuak honakoa dio:

Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) hidrokarburoak bilatzeko saiakera asko egon dira. Gure lurraldeak hidrokarburoetan aberatsak ziren beste lurralde batzuekin zituen antzekotasunengatik, petrolio enpresentzat zonalde interesgarria zirudien. Hainbat saiakera egon diren arren, ez dira inoiz izan uste bezain arrakastatsuak.

Hala ere, gasa metodo berrien bidez bilatzeko munduan zehar dagoen bolada berri baten ondorioz, gure lurraldea lehentasunezko eremua bihurtu da berriro. Ezberdintasuna, kasu honetan, zulaketa horizontala eta etapa anitzetako haustura hidraulikoaren arteko konbinazioan datza. Fracking bezala ezagutzen da teknika hau eta Ipar Ameriketan garatua izan da.

Eusko Jaurlaritzak sistema honen aldeko apustua egin du, horren froga nabariena   SHESA, %100an diru publikoko enpresa, gure lurraldean eman diren hidrokarburoen ikerketa baimenen bultzatzailea izan dela da. Ez da interesa duen enpresa bakarra, baina bai bere baimenekin lurralde eremu handiena hartzen duena.

Egitasmo hau 2005ean hasi zen, hainbat baimenen eskaerarekin, horietako lehena 2006an eman zelarik. Enara deritzon baimena ezagunena bada ere, 2014ko apirilean EAE-n emandako 11 baimen daude (Ebro A, E, D, Libra, Usoa, Enara, Mirua, Usapal, Urraca, Geminis eta Saia) eta eskatutako eta emateko tramitean dauden beste 6 (Pegaso, Lurra, Lore, Galileo, Sustraia, Landarre) ere. Baimen guzti hauek EAE-n zati handi bat hartzen dute: Arabaren %88a, Bizkaiko %78a eta Gipuzkoako %40a inguru.

Teknika hauek erabili diren zonaldeetan hainbat arazo sortu dira, hala nola edateko uraren kutsadura, mugimendu sismikoen agerpena, airearen kutsadura, lurren okupazio eta putzuen inguruan bizi diren biztanleengan osasun arazoak besteak beste. Gaur egun, fracking-ak dakartzan ondorio kaltegarriak hainbat txosten eta ikerketa zientifikoetan erraz egiaztatu daitezke

Hau dela eta fracking-a egiten ari diren edo egiteko asmotan dauden lekuetan biztanlegoaren aurkako jarrera gero eta nabarmenagoa da. Instituzioetan ere hasia da islatzen aurkakotasun hori, eta hainbat lekuetan fracking-a mugatzen edo debekatzen dituzten, adierazpenak, galdeketak, legeak eta abar onartuak izan dira. Adibide gisa, Vermont estatuak, AEB-etan edo estatu frantziarrak, europan, fracking-a debekatu dute beraien lurraldeetan. Guregandik gertu, Nafarroan, Errioxan eta Kantabrian fracking-a debekatzen duten lege autonomikoak onartu dira. Eta estatu espainiarrean 400 udalerritik gora izan dira bere burua "fracking gabeko udalerria" bezala izendatu direnak.

Teknika hau sortzen ari den arazoen aurrean, eta berauek agertzeko dagoen aukera aurreikusi eta eragozteko xedez, mozio honen helburu da udalerri honen mugen barruan teknika honen erabilera galaraztea.

Honen guztiagatik, Udalbatza honi aurkezten diogu akordio proposamen hau eztabaidatua eta onartua izan dadin:

1.-Sopelako Udalbatzak  fracking-aren bitartez aztertu, ikertu edo ustiatu daitezkeen hidrokarburo ez konbentzionaletarako Ikerketa Baimen guztiak bertan behera geratzea eskatzen dio Hidrocarburos de Euskadi enpresa publikoari.

2.-Sopelako Udalbatzak  fracking-aren aurkako jarrera aktiboa hartuko du Sopelako “Fracking gabeko Udalerri” izendatuz eta, ondorioz, “Fracking ez” seinalea egokien ikusten duen kokagunean jarriz.

3.- Frackingaren debekua eskatzen duen Herri Ekimen Legegilearen helburuarekin bat egiten duenez, Sopelako Udalbatzak udaletxeko harrera bulegoetan sinadurak jasotzeko orriak izango ditu eta herritar guztiak sinatzera gonbidatuko ditu.

UDAL BILKURAN GERTATUTAKO EZTABAIDA ETA BOZKETA IKUSTEKO EGIZU KLIK HEMEN

Iraunkortasuneko azken albisteak

article thumbnailArazoaren sorburua, ikuskatzaileek zehaztu ahal izan zutenez, eraikuntza lanetan ari zen Loiola Sarbideko lursail batean zegoen, zuzenean ibaira husten ari zena. Sopelako Udalak eta URAk egoera horren berri eman diete obraren arduradunei, eta isurketa kutsatzaileekin amaitzeko neurri egokiak hartu dira. Sopelako udal brigadako agenteen eta URA – Uraren Euskal Agentziako teknikarien...
article thumbnail2021-2022 ikasturtea bukatu berri, Iberre eta Ander deunako gazteak Sopelako udaletxetik pasatu ziren urtean zehar Eskola Agenda 2030aren baitan egindako lana aurkeztera. Eskola Agenda 2030 proiektua Uribe Kosta Zerbitzu Mankomunitatek diruz lagundutako proiektua da eta  Sopelako ikastetxeetaz gain, Plentziako institutuak ere hartzen du parte. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren...
article thumbnailKontsulta publikoa hamar egun baliodunekoa izango da, 2022ko ekainaren 13tik 27ra arte. Epe horretan, interesdunek beren iritziak eta ekarpenak aurkeztu ahal izango dituzte ezarritako lekuetan. Sopelako Udalak partaidetza prozesu bat burutuko du Etxeko eta Merkataritzako Hondakinen Ordenantza egiteko eta espazio publikoaren garbiketaren inguruko ordenantza berria garatzeko.Gai horretan...
article thumbnailEraztun Berdea Sopelako ingurune naturala eta kulturala zaintzeko proiektu bat bezala aurkezten da, eragile instituzional, politiko eta sozialen arteko lankidetza konstruktiboan garatua, udalerri hobe bat lortzeko. Lankidetza horri lekua emateko, Eraztun Berdearen Kontseilua sortuko da eta hitzarmen estrategikoa sinatu duten edo etorkizunean sinatuko duten instituzio eta entitate eragileak parte...
Berri gehiago: Iraurkontasuna  

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia