Iberre institutuko eta Ander Deuna ikastolako ikasleek udalean aurkeztu dituzte Eskola Agenda 2030 baitan egindako ekarpenak
- Azken eguneraketa: 2022eko ekainaren 16a
- Bisitak: 3457
2021-2022 ikasturtea bukatu berri, Iberre eta Ander deunako gazteak Sopelako udaletxetik pasatu ziren urtean zehar Eskola Agenda 2030aren baitan egindako lana aurkeztera.
Eskola Agenda 2030 proiektua Uribe Kosta Zerbitzu Mankomunitatek diruz lagundutako proiektua da eta Sopelako ikastetxeetaz gain, Plentziako institutuak ere hartzen du parte. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren gidaritzapean, ikasleek aurten, Garapen Iraunkorrerako 11. Helburua landu dute, hain zuzen ere, Hiri eta komunitate jasangarriena.
Helburu honek barneratzen dituen kontzeptuak asko dira (hondakinak, mugikortasuna, irisgarritasuna, espazio berdeak, gune seguruak, kutsadura, oinarrizko zerbitzuak, besteak beste), baina bereziki hiru garatu dituzte: gune seguruak, irisgarritasuna eta espazio berdeak, bai haien ikastetxeetan bai eta Sopelako herri eta eraikinetan ere.
Sopela eta Plentziako herrietako hirigintzan berdintasuna, jasangarritasuna eta irisgarritasuna era egokian txertatuta dagoen aztertu nahi izan dute, azterketa hau zentroetako patioetara ere luzatu dute. Diagnostiko hauek egin aurretik bi jardunaldi tekniko egin dituzte, alde batetik LUR Estudioko teknikariak joan ziren zentroetara hirigintzan berdintasuna eta jasangarritasuna ikertzeko jarraibide batzuk azaltzeko eta beste batetik, Bidaideak erakundeko zuzendaria eta Bidaideak Bilbao BSR saskibaloi jokalari bat gonbidatu zituzten, irisgarritasunari eta gaitasun berezien inguruko hitzaldia emateko.
Bidaideak erakundeari esker, herri diagnostikoa egiteko irteeran hainbat ikasleek gurpildun eserlekuak erabili ahal izan zituzten, nor bere buruan sentitzeko egunerokoan aurkitu daitezkeen oztopoak.
Ikasturte amaieran beste bi jardunaldi izan dituzte, biak oso aberasgarriak, bat itsasoa eta plastikoaren ingurukoa, Goazenup Elkarteko kideen eskutik, jardunaldi honetan ikasleek Kahoot baten bidez plastikoek itsasoan daukaten eragina ikasi zuten eta Goazenup-ekoek irabazleei sariak banatu zizkieten. Azken jardunaldian, GERTU Elkartea eta JAIKI Surf Eskolako ordezkarien parte hartzea izan zuten, baita surf egokitua egiten duten 3 surflari (Irune, Axel eta Sergio), bakoitzak bere esperientziak kontatu zizkieten eta euren gurasoen testigantza ere jaso zuten, ikasle, irakasle eta gerturatu ziren guztiok hunkituz.
Ekarpenak
Udaletxeko eraikinera gerturatutako ikasleek Amaia Guenetxea alkateordeari ikasturtean zehar egindako lan mardularen berri emateko aukera izan zuten. Solasaldi horretan, euren eskakizunak ere egin zituzten, batez ere mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko ekarpenak.
Datorren ikasturtera begira daude dagoeneko gure gazteak. 7. Helburua lantzea erabaki dute, hau da, Energia irisgarria eta ez kutsagarriaren ingurukoa. Baina hori irailetik aurrera izango da. Eskerrik asko egindako lanagatik eta ondo pasatu oporretan, merezi duzue eta!