Skate-park berria NON eta NOLA egingo dugun erabaki nahi duzu? Etorri martxoaren 14an Kurtziora!

Sopelako Udalak bilera antolatu du martxoaren 14an, ostirala, 19:00etan Kurtzio Kultur Etxean, honako helburuarekin: auzokideek osatutako talde bat sortzea Sopelan eraikiko den skate-park berriaren inguruan hausnartzeko eta erabakiak hartzeko.

Batez ere, talde honen kideek erabaki garrantzitsu bi hartu beharko dituzte. Lehenengoa skate-park berria NON eraiki behar den izango da. Hasiera batean skate-parkea Urko paduran eraikitzea aurreikusten zen, baina Udal Gobernuak aukera hori bertan behera utzi du, batez ere arrazoi bi direla medio:

-       URAk ezarritako mugek auker hau baztertzen zuten

-       Paduran hezetasun handia dago eta hori traba izango litzateke azpiegitura egoki bat eraikitzeko eta kirol hau praktikatzeko.

Hori dela eta, beharrezkoa da skate-park berria eraikitzeko kokagune berri bat bilatzea, eta lehenik eta behin Sopelako Udalak balizko erabiltzaileen iritzia jaso nahi du, eurek ere erabaki horretan parte har dezaten. Udalak, bere aldetik, proiektuaren informazio tekniko guztia jarriko du taldearen esku: egon daitezkeen muga tekniko, ekonomiko eta legalak, zeintzuk diren Udalak dituen lursailak, egon daitezkeen alternatibak e.a.

Urkoko paduraren kasuan, eremu honetan ezin denez inolako kirol-azpiegiturarik eraiki, Udalak eremu hau ekologikoki berreskuratzeko erabakia hartu zuen, paduraren aurreko itxura berreskuratu nahian, Larrabasterrari berdegune berri bat eskainiz. Proiektu hau eraikitze lanetan dago egun.

Bestalde, taldeak ere erabaki beharko du skate-parkea NOLAKOA izango den. Hau da, zer nolako ezaugarriak izango dituen, erabiltzaileen beharrizanen arabera. Udalak baldintza bakarra jarriko du: skate-parkea erabiltzaile mota ezberdinentzat pentsatua egon beharko du: adinen arabera, mailaren arabera e.a.

Azken urte bietako prozesu partehartzaileetan auzokideek (eta batez ere gazteek) azpiegitura hau etengabe eskatu dute. Sopelako Udalak 250.000 euroko diru-saila gorde du skate-parke berri honen eraikuntzarako.

Bilera hau ez da Sopelako Udalak antolatzen duen lehenengo auzo-bilera. Azken hilabeteetan Udalak hainbat bilera antolatu ditu herritarren partehartzea bultzatzeko asmoz, herritarrak udal erabakietan inplikatzeko esfortzua eginez. Besteak beste, honakoak antolatu dira: Urdulizeko ospitalaren sarbideen lotutako auzo-bilera, aurrekontu partehartzaileen auzo-bilerak, Jai Batzorde herrikoiaren bilera, Urko paduran antolatutako auzolana e.a.