Sopelako Udala - Sopelako Udalak aparkaleku mugatua eta txandakakoa ezarri du Bidebieta kalean

Sopelako Udalak aparkaleku mugatua eta txandakakoa ezarri du Bidebieta kalean

•    Ekimen honen bidez, Udalak oreka handiagoa lortu nahi du udalerriko erdiguneko zonalde honetan aparkatzeko eskaintzaren eta eskariaren artean. Aparkalekua erraztea eta inguruko denda eta establezimenduetan erosketak sustatzea da helburua.

•    Ordenantza hau apirilaren 26tik aurrera jarriko da indarrean.

•    Agindua behar bezala seinaleztatutako 21 aparkalekutan aplikatuko da, bertikalki zein horizontalki.


Sopela, 2021eko apirilaren 26an. Ekimen honen bidez, Udalak oreka handiagoa lortu nahi du udalerriko erdiguneko zonalde honetan aparkatzeko eskaintzaren eta eskariaren artean. Aparkalekua erraztea eta inguruko denda eta establezimenduetan erosketak sustatzea da helburua.

Horretarako, Udalak duela hilabete batzuk Bidebieta kalean, Sabino Arana eta Laubide kaleen arteko tartean, Gernika plazarainoko ibilgailuen aparkaleku mugatua arautzen duen ordenantza onartu zuen. Ordenantza hau apirilaren 26tik aurrera jarriko da indarrean.

Neurriak zonaldeko trafikoa antolatu eta hobetu nahi du aparkalekuaren espazio- eta denbora-mugari esker. Agindua behar bezala seinaleztatutako 21 aparkalekutan aplikatuko da, bertikalki zein horizontalki. Horietan, aparkatzeko gehieneko aldia ordubete eta hogeita hamar minutukoa izango da. Epe hori igarotakoan, ezingo da berriro aparkatu, harik eta bi ordu igaro arte.

Josu Landaluze Sopelako alkateak azaldu duenez, ordenantza honekin Udalak "inguruko merkatariek gehien eskatzen duten neurrietako bati erantzuna ematen dio. Sistema berri hori aktibatzeak mugikortasuna eta bezeroen joan-etorria hobetuko ditu establezimenduetan. Beraz, aparkalekua errazten dugu, herritarrek erosketak erosoago egin ditzaten, tokiko ekonomia suspertzen lagunduz".

Aparkatzeko, nahitaezkoa izango da ibilgailua aparkatu ondoren tiket bat ateratzea makina saltzailetik, eta haizetakoaren barruan jartzea, kanpotik ikusteko moduan.

Aparkaldi mugatuaren ordutegia honako hau izango da: astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 13:30era, eta astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara.

Ordenantzan jasotako arauren bat ez betetzeagatiko zigorrak 30 eta 90 euro artekoak izango dira. Hurrengo hiru orduetan laster ordainduz gero, 30 euroko zehapena erdira murriztu ahal izango da. Ez, ordea, 90 eurokoa: arau-haustearen erantzule den gidaria ez identifikatzeagatik eta/edo manipulatutako, faltsututako, baliogabetutako, iraungitako edo desegokia den tiket bat erabiltzeagatik ezarriko da.