Sopelako Udalak argiteria publikoaren kudeaketa lizitatu du


Udal sopeloztarrak 650.000 euro baino gehiago bideratuko ditu datozen hiru urteetan, segurtasuna, argiteriaren kalitatea eta instalazio elektrikoen funtzionamendu egokia bermatzeko xedez.

Udalerriko argiteria publikoa eta semaforo-instalazioak mantentzeko eta egokitzeko zerbitzuaren kontratua amaitu denez, eta instalazio horiek baldintza onenetan kontserbatzen jarraitzeko helburuarekin, Sopelako Udalak lizitaziora atera du bere kudeaketa, 654.504,45 euroko hasierako aurrekontuarekin (BEZa barne). Exekuzio-epea hiru urtekoa izango da, eta urtebeteko luzapena izan dezake. Zerbitzua datorren apirilean hastea aurreikusten da. 

Gaur egun udalerrian dauden 2.854 argi-puntuak mantentzeaz eta egokitzeaz gain, enpresa esleipenduna beharrezkoak diren instalazioetako material hautsiak edo hondatuak hornitzeaz eta instalazioak aplikagarria den araudiak ezartzen duen efizientzia- eta segurtasun-mailan kontserbatzeaz arduratu beharko da. Era berean, enpresa horrek 10 semaforo-instalazio jarriko ditu, ekipo erregulatzaileak, makuluak, zutabeak, semaforoak eta horien instalazio elektrikoa barne.

Josu Landaluze Sopelako alkatearen esanetan, "Udalarentzat gastu ekonomiko garrantzitsua da, baina lehentasuna gure herritarrei segurtasuna, argiteriaren kalitatea eta instalazio elektrikoen funtzionamendu egokia bermatzea da. Oinarrizko zerbitzu publiko bat da, matxura posibleak prebenitzeko eta, hala badagokio, beharrezko ordezkapenak, konponketak edo hobekuntzak egiteko balioko diguna”.

Horretarako, aldian-aldian, oinarrizko mantentze-lanak egingo dira, argiteria publikoko osagai guztiak (aginte-zentroak, osagai luminoteknikoak, elektrikoak, mekanikoak eta instalazio horietako obra zibilak) kontserbatzeko, instalazioetan landa-lanak eginez eta beharrezko administrazio-lanak eginez.

Era berean, kontratu berriak prebentziozko mantentze-lanak barne hartzen ditu, era programatuan egingo diren jarduketekin. Lan horien barruan sartzen dira argiak eta euskarri gainazalak berritzea (matxurek edo kalteek eragindako berritzeez gain), bai eta lanparak eta abiagailuak ordezkatzea ere.

Kontratuaren barruan, Udalak lehendik dauden instalazioak hobetzeko eta egokitzeko eskatu ahal izango dio esleipendunari, indarrean dauden Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikora eta Kanpoko Argiteria-Instalazioetako Eraginkortasun Energetikoaren Araudira egokitzeko.