Pascasia Astobieta 100 urteko auzokideari, omenaldia martxoaren 19an

Gogoa beti da gazte! Esaera zahar horren adibide argia dugu Pascasia Astobieta Zarandona auzokide sopeloztarra. Otsailaren 22an 100 urte bete zituen, eta urtemuga berezi hau ospatzeko, omenaldia antolatu diote Lagun Artea Nagusien Elkarteak eta Sopelako Udalak.

Astobieta 100 urte bete dituen hirugarren sopeloztarra da; iaz Amelia Martin eta Maria Adelia Garaik ere 100 urte bete zituzten.

Energia eta alaitasuna dira Pascasiaren ezaugarririk aipagarrienak. Erandioko Uribene baserrian jaio zen 1914. urtean, eta bizimodu gogorra izan zuen: 12 urtegaz izeko baten baserrira kriade joan zen, Deriora, umeak gobernateko. Halan da be, baserrian denetarik egin behar izan zuen.

Hamar urtez kriada egon ostean, 22 urtegaz Bixente Bolunburu deriotarragaz ezkondu zen. Txominene baserrira bizitzera joan zen orduan, baina haurdun zegoela, gerrea heldu zen. Pascasiak akorduan du, gerratik eskapetan Algortaraino joan zirela idi, gurdi eta behiakaz, oinez. Bueltan, etxea balijata topatu zuten, militarrak bertan zeuden-eta, dan-dana ostu eutsien.

Sopelan 22 urte daroaz, eta bere berbetan, ederto bizi da gurean. Orain gutxira arte, egunero egunero jubilatuen etxera jaitsi da kartetan jolasten. Gainera, kantatzea, dantza egitea, egunkaria irakurtzea e.a. izan du afizio. Eta noski, familiagaz egotea ere gustoko du: “Bederatzi loba eta hamar birbola dut, zelako koadrila, kar-kar!”.Gainera, bere familiak azpimarratzen duen legez, senide guztien urtebetetzeetaz akordaten da.

Bere ehungarren urtebetetzea ospatzeko, martxoaren 19an 18:00etan, omenaldia izango dugu Jubilatuen Etxean. Zorionak eta eskerrik asko, Pascasia!