Obretako aurreko ibilgailua Saharara abiatuko da Euskal Karabanaren baitan

Sopelako Udaleko Obretako Brigadak erabiltzen zuen ibilgailua Saharako errefuxiatu kanpamenduetara bidaliko du Sopelako Udalak larunbatean, Sahararekin elkartasunez antolatzen den X. Euskal Karabanaren baitan.

Azken urteetan, Sopelako Udalak Doran Eguneko Zentro baten eraikuntza eta mantenimendua sustatu du. Bertako arduradunek Udalari jakinarazi dioten legez, nagusiek arazoak dituzte Zentrora heltzeko, eta beraz, beharrezkoa ikusten dute ibilgailu bat izatea. Zentroaren arduradunek gaur egun erabiltzen ez den ibilgailu bat lagatzea eskatu diote Udalari.

Ohikoa da erakunde publikoek erabiltzen ez dituzten ibilgailuak lankidetza-garapeneko programen bidez atzerrira bidaltzea.

2013. urtean, Udalak Obretako Brigadarentzat ibilgailu berri bat erosi zuen, “todoterreno” formatukoa, aurreko ibilgailuak 15 urte baino gehiago zituelako. Beraz, kotxe zaharra berri batengatik ordezkatu du Udalak.

Dorako Eguneko Zentroko arduradunen iritzia jaso ostean, Udalak aipatu ibilgailua bertara bidaltzea erabaki du. Aldez aurretik, Udalak hainbat konponketa burutu ditu autoan, bertan konpontzeko beharrik izan ez dezaten.

Lagatze hau Nuyum elkarte sopeloztarraren bidez burutu da, eta udalbatzak onartu egin zuen. Bilduk (7) alde bozkatu zuen, EAJ-PNV (7) kontra, eta PSE-EE (2) eta PP (1) abstenitu egin ziren. Azkenean, alkatearen kalitate-botoak lagatzea egitea utzi zuen.