Sopelako Udala - Sopelak Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat egin du “Eskubide bat besterik ez da, BERDINTASUNA” kanpainarekin
Zu hemen zaude: Hasiera Albisteak Sopelak Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat egin du “Eskubide bat besterik ez da, BERDINTASUNA” kanpainarekin

Sopelak Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat egin du “Eskubide bat besterik ez da, BERDINTASUNA” kanpainarekin

 

  • Kanpaina bisuala da eta protagonistak Sopelako adin desberdinetako emakumeak dira, udalerriko emakumeen ordezkari gisa.
  • Sopela eta Larrabasterrako Metro Bilbaoko geltokietan eta Bizkaibuseko markesinetan Sara de Diego argazkilari sopeloztarrak egindako 14 emakumeren argazkiak jarriko dira. Era berean, Beatriz Nieto errealizadore sopeloztarrak sortutako eta 12 emakumeren ikuspuntuak biltzen dituen “Berdintasun begiradak” bideoa zabalduko da.
  • Martxoaren 8aren aurreko eta ondorengo egunetan, olana bat jarriko da Udaletxearen fatxadan, eta eraikina argi morez argiztatuko da.

Nazioarte mailan eta urtez urte, martxoaren 8a egun nabarmena da gure egutegietan. Egun berezia da, izan ere, zoritxarrez, mundu osoan genero-desberdintasunak errealitate izaten jarraitzen duela gogorarazten digu. Orain arte lorpen asko erdietsi diren arren, oraindik bidegabekeria asko daude gainditzeke. Ildo horretatik, eta benetako berdintasuna sustatzeko eta emakumeen eskubideen alde borrokatzeko helburuarekin, hainbat jarduera antolatu dira Sopelan eta Uribe Kostako gainerako udalerrietan.

Bistako arrazoiak direla medio, 2021. urtean Emakumeen Nazioarteko Eguna ohiko mobilizaziorik gabe ospatuko da, hau da, marea more eta kontsigna koral handiek tindatutako kale eta plazarik gabe. Hala ere, BERDINTASUN aldarrikapena Sopelan ere ikusgai izango da” baieztatu du Josu Landaluze alkateak. Horretarako, Udalak herriko zenbait emakume eta elkarterekin batera “Eskubide bat besterik ez da, BERDINTASUNA”  kanpaina abiarazi du. Ekimena gaur goizean bertan aurkeztu dute Josu Landaluze Sopelako Alkateak eta Teresa Fernández Sopelako Udaleko Gizarte Ekintza, Emakume eta Berdintasuna eta Lankidetza Saileko zinegotziak Metro Bilbaoko Larrabasterrako geltokian.

Kanpaina oso bisuala da, adin desberdinetako eta kultur, kirol, enpresa, ekintzaile eta enpresa elkarteetako kide diren emakume sopeloztarrak dira protagonista, herriko ordezkaritza gisa. Nabarmentzekoak dira, besteak beste: Ugeraga, Itzartu, Sopelako Igeriketa Kluba, Zirrimarra, Lagun Artea Abesbatza, merkataritza eta ostalaritza Elkartea eta June Ansoleaga ETBko kazetaria. “Benetako desberdintasunaren ildoari jarraiki, lelo honekin Berdintasuna Sailetik emakumeenganako desberdintasun nabarmen eta onartezina modu isil eta zuzenean aldarrikatu nahi dugu. XXI. mende honetan egoeraren araberako baldintzengatik are eta mehatxatuago dagoen funtsezko eskubide baten alde borrokatzea ezinbestekoa da” adierazi du Teresa Fernández zinegotziak.

Alde batetik, Sara de Diego argazkilari sopeloztarrak emakume protagonistei egindako 14 argazkien erakusketa antolatu da. Argazkiak Larrabasterra eta Sopelako Metro Bilbaoko geltokietan eta udalerriko autobus-markesinetan jarri dira.

Bestalde, Sopelako Beatriz Nieto errealizadoreak “Berdintasun begiradak” izeneko bideoa sortu du. Ikus-entzunezko pieza honek 12 emakume protagonistaren ikuspuntu desberdinak biltzen ditu. Euren esperientzia eta bizipenak kontuan izanda, gizartean benetako berdintasuna lortzeko duten ikuspuntuaz jarduten dute. Bideoa sare sozialen eta Sopelako Udalaren web orriaren bidez zabalduko da.

Azkenik, martxoaren 8aren aurreko eta ondorengo egunetan, olana bat jarriko da Udaletxearen fatxadan, eta eraikina argi morez argiztatuko da, BERDINTASUNA lortzeko eskubidearen alde borrokatzen jarraitzeko atxikimenduaren eta aldarrikapenaren adierazgarri.

Genero-indarkeriaren aurkako borroka bultzatzearen aldeko apustua

Indarkeria matxista emakumeen eta gizonen arteko desorekaren adierazpen larrienetako bat da. Berdintasun Planen bidez, bai Sopelako Udalak bai Uribe Kostako Mankomunitateak genero-indarkeriaren aurkako borroka sustatzearen alde egiten dute. Izan ere, Uribe Kostakoa mankomunitaterik aktiboenetako bat da berdintasunaren arloan. Zentzu horretan, azkeneko hilabete hauetan, III. Berdintasun Plan Mankomunatua onartu da. Plan horretan, 2023ra arte garatu beharreko hainbat ekintza planifikatzen dira, Gobernantza Ona eta Indarkeriarik gabeko Bizitzak ardatz hartuta.

Bestalde, Sopelako Udala 2016ko Emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantza berrikusten ari da, hura eguneratzeko xedez. Horretarako, emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzko Europako esparrua hartu da kontuan (zeinetan indarkeria matxista jasaten duten emakumeei erreparazio printzipioa jasotzen den). Indarkeria hori beren giza eskubideen urraketa dela uste da, eta, beraz, beste batzuen artean administrazioaren betebeharra da errehabilitazioa, gogobetetzea, kalte-ordaina eta indarkeria hori errepikatuko ez dela bermatzea. Horretaz guztiaz gain, ordenantza hau berrikusten ari da, Autonomia Erkidegoko Berdintasunerako Legearen zehaztapenetara egokitu ahal izateko. Lege hori, gaur egun, aldatzen ari da Eusko Legebiltzarrean, eta, aldaketa horien artean, indarkeria matxistari dagokionez Europako esparruari dagokion guztia ere sartzen da. Aipatzekoa da ere 2020an egindako Indarkeria Matxistaren aurkako Planean ezarritako ekintzak lehenesteko eta aztertzeko lan egingo dela. Plan horretan, indarkeria pairatu duten edo pairatzen duten  emakumeei laguntzeko printzipioa jasotzen da.

BIDEOA “Eskubide bat besterik ez da, BERDINTASUNA”: https://youtu.be/LVZFYOCVde0 

 

 

 

 

 

Gizarte ekintza eta berdintasunaren azken albisteak

article thumbnail  ZAINTZA BERDINTASUNEAN. Emakumeen egitekoa Pandemian eta zaintzaren Krisi Globalean Dimentsio askoko krisi sistemikoan gaude, zeina gurutzatu eta erlazionatu egiten baita aurretik zeuden beste krisi batzuekin; esaterako, ekologikoa eta zaintza-arlokoa. Pandemiak agerian utzi ditu mugimendu feminista eta emakumeen kolektiboak egiten ari ziren zenbait aldarrikapen: giza bizitza zaurgarria da,...
article thumbnail  Udalerrian erroldatzen diren pertsonei laguntza eskainiko zaie, bizileku- eta lan-baimenei buruzko informazioa emango zaie edo osasun-, gizarte-, etxebizitza-, enplegu-, justizia- eta hezkuntza-zerbitzuak eskuratzeko zailtasunak dituzten kasuak artatuko dira, besteak beste. “Sopelan Pertsona Migratuentzako Harrerarako 2021-2024-SOPELA ANITZA Programa”k barne hartzen duen 5 lan-ildoetako bat da....
LilaGune: 2021eko martxoko ikastaroak
2021eko martxoaren 03a
article thumbnail  LilaGune Uribe Kostako Mankomunitateko Emakumeak ahalduntzeko eskolak honako ikastaroak antolatu ditu martxorako: Pandemia: nola eragiten digun emakumeoi. Begirada feminista Ez gara zoroak ezta menpekoak, Feministak Gara Haien bila doa! (... arrastoa utzi diguten emakume anonimo miresgarri horiengatik) Tailer guztiak doakoak dira. Plazak mugatuak izango dira, izen-emate ordenaren arabera...
article thumbnail  Kanpaina bisuala da eta protagonistak Sopelako adin desberdinetako emakumeak dira, udalerriko emakumeen ordezkari gisa. Sopela eta Larrabasterrako Metro Bilbaoko geltokietan eta Bizkaibuseko markesinetan Sara de Diego argazkilari sopeloztarrak egindako 14 emakumeren argazkiak jarriko dira. Era berean, Beatriz Nieto errealizadore sopeloztarrak sortutako eta 12 emakumeren ikuspuntuak biltzen...

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia