Zu hemen zaude: Hasiera Albisteak Sexu askatasun eta aniztasunaren alde

Sexu askatasun eta aniztasunaren alde

2013ko maiatzaren 17an Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren aurkako Eguna ospatzen dugu. Sopelako Udalak berretsi gura du diskriminazio afektibo-sexualaren eta genero-identitatean oinarritutako diskriminazioaren aurkako borrokan duen konpromisoa. Izan ere, diskriminazio horren funtsean aurreiritziak eta ezjakintasuna daude, eta berdintasun printzipioaren aurkakoa da –printzipio horren arabera, pertsona guztiak berdinak gara eta eskubide berberak ditugu, gure orientazio sexuala edo genero-identitatea edozein dela ere–. 

Egia da azken urteetan aurrerapauso handiak lortu dituztela LGTB taldeek mendebaldeko herrialde asko eta askotan, berdindu egin baitira zenbait lege eta eskubide. Dena dela, oraindik ere badago zer lortu gizartean, esaterako, orientazio sexualaren ondorioz sortutako indarkeria, munduko hainbat herrialdetan eragiten diena lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta intersexualei. 

Gaur egun, joera heterosexual, binarista eta heldua posible den arau bakar gisa aurkezten da, eta gainerako aukerak errudun gisa agerrarazten dira. Mendebaldeko sexualitatearen eskuliburua mugatuta dago, beraz, eta onargarritasun soziala, legitimitate morala eta legezko eskubideak galarazten dizkie gainerako sexu praktikei eta identitateei. 

Egoera horren ondorioz, LGTB taldeen barruan ageri-agerikoa da jendaurrean adierazpen afektibo-sexualak egiteko beldurra. Gay, lesbiana, transexual, bisexual eta transgenero eta intesexualek askotan intimitatean eta sekretupean baino ez dituzte egiten adierazpen afektibo-sexualak eta identitatearekin lotutakoak, mendeetan zehar jasandako errepresioaren beldur. 

Ikastetxeetan ere agertzen da errealitate hori, eta hala erakusten du Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (IVEI-ISEI) landutako Ikaskideen arteko tratu txarrak Lehen Hezkuntzan eta DBHn txostenak. Izan ere, DBHko ikasleen % 10 baino gehiagok dio ikaskide bat, bere sexu-orientazioari, bere harreman afektibo eta sexualei edo bere identitateari buruzko esamesen bidez, etengabe baztertu duten kasuak ikusi dituela. Ikastetxeetan, harremanen eta interakzioen bitartez ikasten da, eta herritar guztiak ikastetxean egoten dira, hain zuzen ere, beren sexu-eta genero-identitatea eratzen hasten diren adinetan. Horregatik, ikastetxeak espazio pribilegiatuak dira ikasle guztiekin lan egiteko, begirada inklusibo, demokratizatzaile eta hiritar batekin, gay, lesbiana, transexual eta bisexual, transgenero eta intersexualen aurrean—hots, gizartean nagusi eta arau diren genero-patroiak betetzen ez dituzten pertsonen aurrean— ez dadin egon aurreiritzirik, gaitzespenik eta aurkako jarrerarik. 

Hezkuntzak eraldaketak egiteko duen ahalmenaren jakitun, Sopelako Udalak hezkuntza-komunitateei eskatzen die genero-ikuspegia eta sexu-dibertsitaterako ikuspegia sar ditzatela ikastetxeko plangintza-tresnetan (ikastetxeko hezkuntza proiektuan, proiektu kurrikularrean,  programazioetan...);  irakasleei eta familiei eskatzen die sexualitateari, generoari eta sexu-orientazioari buruzko prestakuntza har dezatela, eta ikasleei eskatzen die jarrera kritikoa izan dezatela eta modu aktiboan erantzun diezaietela sexismoari eta homofobiaren, lesbofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren adierazpen guztiei. 

Horretarako, Sopelako Udalak manifestu hau aldarrikatzen du eta dei egiten die hezkuntzako erakundeei, eskola-kontseiluei, guraso-elkarteei eta gizarte osoari manifestu honen alde agertzeko, eta konpromisoa hartzeko, jarraian adieraziko diren 

premisak aintzat hartuta, Bizkaia bidezkoago eta berdintasunezkoago bat eraikitzeko. Premisak hauek dira: 

1. Herritar guztiak errespetatzea, haien orientazio sexuala eta genero-identitatea edozein dela ere. 

2. Pertsonen duintasuna eta osotasun fisikoa —estatuetako gobernuen legeen bidez bermatu beharrekoak biak— errespetatzea. Espazio publikoan eta, bereziki, hezkuntzaren arloan ematen diren adierazpen homofobo, lesbofobo, transfobo eta bifoboak irmotasunez kondenatzea.

3. Mundu osoan erabat despenalizatzeko eskatzea, hori baita herritar guztien artean benetako sexu askatasuna eta berdintasuna egotearen seinale. Bereziki kondenatzea LGTB taldeko pertsonen aurkako heriotza zigorra oraindik ere sexu-askatasuna despenalizatu ez duten herrialdeetan, eta zigor horren aurka egitea. 

4. Transexualitatea despatologizatzeko eta DSM eta CIE psikiatriako eskuliburuetatik kentzeko eskatzea. 

5. Espazio publikoan eta bereziki hezkuntzaren arloan egindako adierazpen afektibo-sexualen eta genero-identitateen ikusgaitasuna errespetatzea. 

 6.-Lanerako, hezkuntzarako eta aisialdirako  guneak erabiltzeko eskubidea bermatzea, sexuaren edo genero-identitatearen ondoriozko inolako diskriminaziorik gabe.

7. Aukera sexual eta genero-identitate bakoitzaren irudi duina sustatzea komunikabideetan, bai eta agerraldi kulturaletan, sozialetan, artistikoetan eta,  bereziki, hezkuntzaren arlokoetan. 

8. Gizarte anitzago, ireki eta integratzaileago baten alde lan egiteko esperientziak eta jarrerak sustatzea, gizarte bat non orientazio afektibo-sexuala eta generoidentitatea ez diren inorentzat oztopo izango.

9. Sexualitate anitzerako bidea egitea, mitorik gabe, konparaziorik gabe, inposiziorik gabe, eta sexualitate askearen —aukera eta orientazio sexualerako eta genero-identitaterako askatasuna barne— aurkako jokabide guztien kontra egitea.

10. Sopelako Udalak adierazpen hau onartu ostean Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako eta Herritarren Eskubideetarako Zuzendaritza Nagusiari jakinaraziko dio.

Gizarte ekintza eta berdintasunaren azken albisteak

article thumbnailANDRAZKOENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA” dela eta, herritar guztiei dei egiten diegu parte har dezaten ekitaldi honetan: ELKARRETARATZE-EKITALDIA: Udaletxeko plazan egingo da, azaroaren 25ean, astelehenean, 19:30etik aurrera, eta hauxe izango da EGITARAUA: Udaletxeko fatxadan mundu osoko andrazkoek jasaten duten indarkeria-egoerari buruzko argi eta musika-ikuskizun alegorikoa...
article thumbnailUribe Kostako Emakumeen Kontseiluak, Andra Barriak, gonbidatu nahi ditu herritarrei Uribe Kostako Emakumeen XI. Topaketaren aurkezpenera. Topaketa hau Emakundek sustatutako 2019ko ‘Erabakitzen dudana izango naiz’ goiburua duen Berdintasunerako Gunearen barne kokatzen da. 2019ko azaroaren 23an, larunbata, ospatuko da Inolaren Emakumeen Etxean (Urdulizen) goizeko 10.00etatik aurrera ‘Norantz goaz...
article thumbnailEmakunderen “2019 Berdintasunerako gunea” ekimenaren barruan Uribe Kostako Mankomunitateak “Emakumea eta kirola: gaur egungo egoera eta erronkak” izeneko jardunaldia antolatu du. Ekimena Urdulizko Kultur Etxean ospatuko da urriaren 10ean 16:00etatik 20:30era. Sarrera librea izango da Egitaraua: 16:00/16:15: Aurkezpena: Mankomunitateko presidentea eta Urdulizko alkatea. 16:30/17:30: Zientzia...
article thumbnailUribe Kostako Mankomunitateak “aUKera ON” bigarren eskuko merkatua antolatu du ekainaren 8rako Urdulizen. 38 postuk osatuko dute merkatua, eta jendearentzako ordutegia goizeko hamaiketatik arratsaldeko hirurak bitartekoa izango da. Hemen, bigarren eskuko edozein objektu‑mota aurkitu ahal izango duzu, eguneroko bizimoduan laguntza emango dizuna. Merkatu honekin lortu nahi dena da, batetik,...

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia