Beldur Barik Gunea Larrabasterran izan da

Beldur Barik Gunea Larrabasterra
Uztailaren 15ean, gaueko 23:00etatik 02:00etara Beldur Barik Stand-a izan zen Larrabasterrako jaietan. Beldur Barik Jarrera jaietan zabaltzeko helburuarekin martxan jarritako ekimena da. Guztion erantzunkizuna delako jaiak modu positiboan bizitzea, gozatzea, indarkeria sexista eta jarrera matxistarik gabeko jaiak izatea.

BB Gunea, jaien eta aisialdiaren testuinguruan sexu indarkeria prebenitzeko kanpaina da. Kanpainaren helburua jai eta aisialdi guneetan, indarkeria sexualen aurrean, bakarka zein taldeka, egiten diren erantzunak identifikatu, prebenitu eta artikulatzea dira.. Baita oharkabean edo jaiekin lotzen ditugun egoera, jarrera edo eraso sexistetaz ohartu eta horien aurreko BB Jarrera sustatzea ere.

BELDUR BARIK PROGRAMA

Beldur Barik EAEko instituzioek elkarlanean bultzatuta indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da, eta bere helburua da, gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzea jendarte eraldaketan laguntzeko. Alegia, Beldur Barik jarrera bultzatzea. Horretarako, Beldur Barik programa hainbat baliabidez baliatzen da.
Batetik, Beldur Barik ikusentzonekoen lehiaketa: 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa. Lehiaketaren xedea da ikus-entzunezko produkzioen bidez erakustea neska eta mutilek nola erantzuten duten desberdintasun egoeren aurrean eta nola egiten dioten aurre indarkeria sexistaren adierazpenei Beldur Barik jarrerarekin.
Bestetik, Beldur Barik topaketa. Topaketa lehiaketako saridunak ezagutzeko espazioa izateaz gain, bere helburua da indarkeria sexistaren aurkako borrokan dabiltzan ekimen, talde eta pertsonak hurreratzea. Baina baita ere, gazteek indarkeria sexistari aurre egiteko eta indarkeria gainditzeko erabiltzen dituzten diskurtso eta jardunbideak balioesteko gunea izatea.

Aldi berean, jende gaztearen inplikazioa jendarte eraldaketan indartzeko ekimenak bultzatzen dira, parte-hartze kolektiboa eta indarkeria sexistaren aurkako jarrera aktiboa sustatzeko asmoarekin. Alde batetik kale-ekintzak antolatuta: komiki-mundiala, flash-mob edota puntu lilaren argazkia, besteak beste. Eta, bestetik, eztabaida eta gogoeta prozesuak indartzeko baliabideak sortuta: ikus-entzunezkoetan oinarritutako unitate didaktikoak, BB abestia edota eraso sexistei aurre egiteko gida, besteak beste.
Eta, bukatzeko, Beldur Barik Jarreraren mezua eta filosofia jende gaztearen egunerokotasun eta errealitatera ahalik eta gehien heltzeko xedearekin, udalekin zuzeneko lanketak egiten dira, berdintasun arloekin zehazki eta gazteria arloekin elkarlanean. Ondorioz, gazteen tokian-tokiko errealitateetara egokitzen diren hainbat Beldur Barik ekintza antolatzen dira.

ZER DA BELDUR BARIK JARRERA?

Kultura matxista eta indarkeria sexistaren adierazpenak eraldaketarako konpromiso pertsonal zein kolektiboa adierazten dituzten jarrerak dira. Alegia, neska eta mutilek ezberdintasun egoerei nola egiten diegun aurre erakusten duten jarrerak. Errespetuan, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeriaren bazterketa irmoan oinarritzen direnak. Pertsona orok daukagu gure buruak(eta gorputzak) zein gure ingurunea eraldatzeko gaitasuna. Beldur Barik programaren nahia da ahalduntze eta jabekuntza prozesu horietan laguntzea. Bide horretan, ezinbesteko deritzogu beraien jarrerekin, ekimenekin, gorputzekin edota adierazpenekin, indarrean dugun kultura eredua transgreditzen duten pertsonak ikusaraztea eta beste gazteentzat erreferente bilakatzea. Mikromatximoak identifikatu eta aurre egitea ere oso garrantzitsua dela uste dugu, hau da, naturaltzat hartzen ditugun eta hain sutilak diren indarkeria seinaleak, eta persona bezala garatu eta erlazionatzen garen kultura matxistaren oinarri direnak. Horregaitik gorputzei, sexualitatei, maitasunei, indarkeria sexista aurre egiteko estrategiei, etab. hitzegiten dugu. Gazteen egunerokotasuna osatzen duten bizipenak direlako, eta oinarrizkotzat hartzen dugulako sexismoaren identifikazioa eta berari aurre egin eta gainditzeko erramintak eskaintzea.