Saharako auzian bere erantzukizunak aitortzea eskatu dio Sopelako Udalak Espainiako Gobernuari

Apirilaren 28an antolatutako bilkuran, Sopelako udalbatzak ahobatez onartu zuen Mendebaldeko Saharako auziari bidezko eta behin-betiko konponbidea ematea. Horretarako, tokiko erakundeak hainbat eskaera egingo dizkio Espainiako Gobernuari: bete dezala 1975etik amaitu barik dagoen deskolonizazio-prozesuari amaiera emateko duen erantzukizuna, saharar herriaren borondatearen adierazpen libre eta benetakoa ziurtatuko duen erreferendum bat eginez.

Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztiek baiezkoa eman zioten testuari: EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP.

Onartutako testuak honakoa dio:

Nazio Batuen Erakundeak 70 urte betetzen ditu aurten. Bera da "etorkizuneko belaunaldiak gerraren zigorretik babesteko" sortu den nazioarteko erakunde nagusia, eta "bakea eta nazioarteko segurtasuna mantentzea" du bere helburu nagusien artean.

Espainiak duela 40 urte abandonatu zuen Mendebaldeko  Sahara, eta, harrezkero, deskolonizatu gabe segitzen duen  lurralde ez-autonomo bat da, Marokoren okupaziopean  dagoena, gainera.

Deskolonizazio-kontuetan, Nazio Batuei eta bertako kide  diren estatuei dagokie erantzukizun nagusia, Nazio Batuen  Sortze Gutunaren arabera, eta erakunde horretako Segurtasun  Kontseiluak du erantzukizunik handiena bidezko eta behin  betiko konponbide bat bilatzen.

Arrazoi hauek azalduta, Udalbatzak honako akordio hau onartzen du:

AKORDIOA


Sopelako Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen dio, de iure  potentzia administratzailea den aldetik eta  Mendebaldeko  Sahararako Idazkari Nagusiaren Lagunen Taldeko kidea denez  eta orobat     2015-2016 agintaldian zehar Segurtasun  Kontseiluko kide ez-iraunkorra ere:

            Bete dezala 1975etik bukatu gabe dagoen deskolonizazio-prozesuari amaiera emateko duen erantzukizuna, saharar herriaren borondatearen adierazpen libre eta benetakoa ziurtatuko duen erreferendum bat eginez.

            Defenda dezala Nazio Batuek deskolonizazioari eta lurralde ez-autonomoei buruz finkatua duten doktrina. Halako lurraldeei dagokienez, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 2625 Ebazpenak adierazten du: "Estatu subirano eta independente bat ezartzea, estatu independente batekin askatasunez elkartzea edo hartan integratzea, edo herri batek libreki erabakita bestelako izaera politiko bat bereganatzea izango dira herri horren determinazio askerako eskubidea gauzatzeko bideak". Hori da, hain zuzen ere, autodeterminazioaren edukia.

            Bakea eta giza eskubideak defendatzeko, ardura dadila Minurso (Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioari), lurraldean dagoen Nazio Batuen presentzia bakarrari, eskumenak eslei diezazkioten saharar populazioaren eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak babestu eta sustatzearen arloan.

 

Erabakitzen da adierazpen hau bidaltzea Espainiako Gobernuaren Presidentziari, Errege Etxeari, Kanpo Arazoetako Ministerioari eta Espainiaren Nazio Batuetako Misio Iraunkorrari.