Sopelako Udalak 1,3 milioi euro inguru bideratuko ditu 2020an diru-laguntzetara

Programak 7 jarduera-eremu hartzen ditu: sozialak, kulturalak, kiroletakoak, enpleguaren sustapenekoak eta tokiko ekonomiaren garapenekoak.

Tokiko laguntzak dira, horietako asko Covid-19aren pandemiak eragindako ondorio ekonomiko negatiboak arintzeko. Autonomia Erkidegoko eta Estatuko administrazioek jada onartutako laguntzen osagarriak dira.

Sopelako Udalaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoak, ekitaldi honetan abian jarri dituen eta jarriko dituen laguntzetara 831.945 euro bideratzea aurreikusten du. Planak, laguntzak programatu eta partikularren eta erakunde interesdunen eskaerak errazteko helburuarekin, dagokion aurrekontuarekin Udaleko sail desberdinetatik iragarritako hogeita hamar bat laguntza-ildo ditu. Planak tokiko laguntzak jasotzen ditu, eta horiek EAEko eta Estatuko administrazioek jada onartutakoen osagarri izango dira.

Zenbateko garrantzitsu honi, alde batetik, Udalak urtero Uribe Kostako Mankomunitateari Gizarte Ekintzetarako eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako (296.361 euro) zein Berdintasun politiketako (21.198 euro) Programak eta Jarduerak garatzeko urtero egiten dizkion ekarpenak gehitu behar zaizkio.

Bestalde, Udalak aurrekontuan beste 125.000 euro sartuko ditu, udalerrian zailtasun handienak dituzten familiei laguntza ekonomikoa emateko (62.500 euro) eta tokiko enpresa eta negozioei (beste 62.500 euro) laguntzeko. Behargintzatik ere merkataritzarako laguntzak eskainiko dira (14.000 euro).

Hori guztia dela eta, Udalak 1.288.504 euro bideratuko ditu 2020an, gaur egun irekita dituen 7 laguntza-ildoen bidez (Euskara, kultura eta hezkuntza; Kirola; Berdintasuna eta emakumea; Garapenerako lankidetza eta gizarte-zerbitzuak prebenitzeko erakundeak; Adinekoak; Gizarte Ekintza eta Enplegua eta Sustapen Ekonomikoaren esparruan) eta beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan aktibo dituen laguntza-programen bidez. Laguntza ekonomiko hauetako asko Covid-19aren pandemiak sopeloztarrengan, autonomoengan eta herriko enpresa txiki eta ertainengan eragindako ondorio ekonomiko negatiboak arintzeko dira. 

Udal-gobernuaren esanetan  "laguntza hauen helburuak ugariak dira: familia behartsuenei eta egoera ahulean dauden pertsonei laguntzea, koronabirusaren pandemiaren ondorioei aurre egitea, udalerrian kultura-jarduerak garatzen laguntzea, Sopelako enpresa- eta merkataritza-garapena sustatzea, elkarte-sarea indartzea, jarduera fisikoa, kirola eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, laburbilduz, laguntza hauek herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea ahalbidetuko dute” adierazi dute. 

2020ko laguntza-ildoak:

1. Euskara, kultura eta hezkuntza: 78.200 euro (atal honetan kultura eta euskara arloetako diru-laguntzak sartzen dira, baita Zipiriñe guraso-elkartearekin, Zirrimarrarekin eta Meñakoz Kultur Elkartearekin egindako hitzarmenak ere). 

2. Kirola: 398.300 euro (errendimendu handiko kirolarientzako kirol-diru-laguntzak eta Ugeraga, Peñatxuri, MUS, Hirubi, Urko MT, Kurene, Munarrikolanda MT, Airetik, Munarri AT edo Tai-Txirekin hitzarmenak).

3. Berdintasuna eta emakumea: 48.000 euro (Itzartu elkartearekin hitzarmena eta berdintasun-politiken garapena barne hartzen ditu). Zenbateko honi Udalak Uribe Kostako Mankomunitateari Berdintasun-Programa eta -Jardueretarako egiten dion ekarpena gehitu beharko litzaioke (21.198 euro).

4. Garapenerako lankidetza eta gizarte-zerbitzuak prebenitzeko erakundeak: 45.000 euro (esku-hartze sozialeko entitateekin lankidetzan aritzeko diru-laguntzak eta Euskal Fondoarekin lankidetza hitzarmena barne hartzen ditu).

5. Pertsona Nagusiak: 35.000 euro (Lagun Artea Elkartearekin eta Barrikako zaharren egoitzarekin egindako hitzarmenak eta zahartze aktiborako programa barne hartzen ditu). 

6. Gizarte Ekintza: 92.500 euro (ildo horretan sartzen dira energia-pobrezian dauden familientzako laguntzak, eskola-materiala erosteko laguntzak, Udal Euskaltegian matrikulatzeko laguntzak, etxebizitzak alokatzeko laguntzak, elikagaiak indartzeko eta eten digitala arintzeko diru-laguntzak). Nabarmendu behar da Udalak, lehen esan bezala, 296.361 euroko ekarpena egiten diola Uribe Kostako Mankomunitateari, Gizarte Larrialdietarako Laguntzekin eta gizarte-ongizatearekin lotutako Programak eta Jarduerak garatzeko. 

7. Enplegua eta Ekonomia Sustapena: 134.945 euro (ekintzaileentzako, langabezian dauden pertsonak kontratatzeko, tokiko enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta erosketa-bonuen kanpaina abian jartzeko diru-laguntzak emateko hainbat ildo barne hartzen ditu).