Sopelako Udala - Sopelako Udalak 16,4 milioiko aurrekontuak onartu ditu 2022rako, inoizko handienak
Zu hemen zaude: Hasiera Berriak Sopelako Udalak 16,4 milioiko aurrekontuak onartu ditu 2022rako, inoizko handienak

Sopelako Udalak 16,4 milioiko aurrekontuak onartu ditu 2022rako, inoizko handienak

  • 2022ko aurrekontuek ia bi milioi gehiago izango dituzte, hau da, aurreko ekitaldian baino % 13,54 gehiago.
  • Helburu estrategikoen artean honako hauek nabarmentzen dira: Euskaltegiaren eta Musika Eskolaren birgaitze energetikoa (240.000 €), futbol zelaiko soropil artifiziala (550.000 €), Urkoren instalazioen itxiera (200.000 €), Iturrieta Parkeko frontoia estaltzea (1.200.000 €) edo Zabalbideko bidegorriaren proiektua idaztea (15.000 €).
  • Beste zutabe garrantzitsu batzuk kultura, Udaltzaingoaren komisaria berria eraikitzea eta erdigunea oinezkotzea izango dira.


Sopelako Udalak dagoeneko baditu 2022rako udal aurrekontuak. Udal gobernuak 16,4 milioi euroko kontuak onartu ditu, legealdiko eta udalerriaren historiako kopururik altuenak, aurreko ekitaldian baino % 13,54 gehiago.

Gobernu Taldea osatzen duten EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen babesa izan dute aurrekontuek, EH Bilduren, Elkarrekin Podemos-en eta DB-TU Sopelaren ezezkoarekin eta atxiki gabeko zinegotziaren abstentzioarekin. Horrek, alkatearen graziazko botoarekin batera, kontuak onartzea ahalbidetu du.

Josu Landaluze alkatea pozik agertu da aurrekontuei argi berdea emateagatik. “2022rako aurrekontuak onartuta izatea oso garrantzitsua da Sopelako herriarentzat. Gutxi gorabehera 2021ean baino 2 milioi gehiago kudeatuko ditugu eta gehiago bideratuko da inbertsioetara, orain arte, pandemiaren ondorioz, murriztuta zegoen kapitulu hori, beste arlo sozialago batzuetara bideratu ahal izateko”, adierazi du. “Aurrekontu errealistak eta zuhurrak dira eta zuhurtasun hori bera da kontutan izan duguna gastuak aurreikusteko orduan, baliabideak optimizatzeko ildoarekin jarraituz eta gizarte eta enplegu arloak alde batera utzi gabe”, nabarmendu du alkateak.

Aurrekontu hauetarako, zerbitzu publikoei eusteko gastu arruntak aurreikusi dira, aurreko ekitaldietako esperientzietan, sail ezberdinek egindako proposamenetan eta esleitutako kontratuetatik eratorritako konpromisoei eustean oinarrituta. Era berean, “COVID-19aren osasun-krisiak eragindako diru-sarreren beherakadak eragindako gastu-partiden aurrekontu-aurreikuspenak berreskuratzen saiatu dira”, Udaletik adierazi dutenez.

Helburu estrategikoak

Aurrekontu horien helburu estrategikoen artean daude Euskaltegiaren eta Musika Eskolaren birgaitze energetikoa (240.000 €), udal futbol zelaian belar artifiziala jartzea (550.000 €), Urkoren instalazioak ixtea (200.000 €), Iturrieta Parkeko pilotalekua estaltzea (1.200.000 €) edo Zabalbideko bidegorriaren proiektuaren idazketa (15.000 €).

Kulturak garrantzi “superlatiboa” izaten jarraituko du, milioi bat euro bideratuko baitira kultura-sustapenera, Sopelaben proiektu-lehiaketara (550.000 €) edo Euskara, Kultura eta Hezkuntza arloan txertatuko diren hiru milioi euroei esker. Era berean, beste zutabe garrantzitsu bat Udaltzaingoaren komisaria bat eraikitzea izango da (700.000 €), “gaur egun dagoenak eskatutako segurtasun-baldintzak betetzen ez dituelako”.

Azkenik, hirigintzari dagokionez, erdialdea oinezkotzeko 1.200.000 euroko inbertsioa egingo da, Sopela oinezkoentzat udalerri “jasangarriagoa eta atseginagoa” izan dadin.

Adostasuna bilatzea

2022ko aurrekontuen proiektua egiteko, udal-arlo bakoitzeko arduradunen proposamenak eta talde politikoen ekarpenak hartu dira kontuan, ahalik eta adostasun handiena lortzeko. “Abuztutik su motelean mamitu diren eta une oro adostasuna bilatu duten aurrekontuez ari gara hizketan. Harrigarria iruditzen zait aurreko urteetan egin zen bezala aurrekontuei buruzko akordiorik lortu gabe eta alderdi politikoek egin dizkiguten iradokizun guztiak jaso eta gero, gutxienez abstenitzeko gai izan ez izana, atxiki gabeko zinegotziak, Sopelaren onerako, egin zuen bezala,” nabarmendu du azkenik alkateak.




 

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia