Sopelak “Euskal Jaia” ekimenaren edizio berri bat ospatuko du asteburu honetan

 

Beste urte batez, asteburu honetan (irailak 11-13) Sopelako udaletxeko inguruak eta udalerriko kaleak euskal kulturaren erakusgarri bihurtuko dira Euskal Jaia ekimenaren edizio berri bati esker. “Sopela Kultura Bizi” programaren barruan Sopelako Udalak antolatutako ekimenak adin guztiei zuzendutako ekintza bilduko ditu.

Irailaren 11n, ostiralean, Ruper Ordorikak bere azken lana aurkeztuko du 21:00etan. Irailaren 12an, larunbatean, 10:00etatik 15:00etara, Udaletxeko plazan ohiko nekazal azoka izango da eta 21:00etan, "Hutsun eta Ortzi" konpainiak "Urbasa" txalaparta eta zirku ikuskizuna eskainiko du. Igandean, 12:00etan, Herri Kirolen erakustaldia izango da eta Bizkaiko 2020ko Harri Txikien Harrijasotzaile Txapelketa Ofiziala ere jokatuko da. 18:00etan, 6 urtetik aurrerako haurrek "Meri, Mari eta Lari" ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute, “Eidabe” konpainiaren kantu eta ipuin emanaldia. 

Euskal Jaia

Euskal Jaia 1924. urtean turisten egonaldia udalerrian luzatzeko xedez sortu zen eta geroztik, garrantzi eta herri-errotze handia lortu du, izan ere, euskal jaietako tradizio gehienak biltzen ditu: euskal produktuak, gastronomia, dantzak, musika, kirolak…