Hainbat kultur ikuskizun euskaraz hurrengo egunetan Kurtzion

Euskararen Nazioarteko Egunaren barruan (abenduak 3) eta sopeloztarren artean euskararen inguruko ekintza kulturalak sustatzeko helburuarekin, Sopelako Udalak musika, antzerki, dantza eta zine jarduera antolatu ditu hurrengo egunetarako. Ekintza guztiak Kurtzio kultur etxean izango dira, sarreren prezioa 8 eurokoa izango da eta euskaraz egingo dira.

Ostiral honetan, azaroak 30, “Ur berri urte berri” ikuskizun musikala ospatuko da, 20:00etan, Hasier Oleaga, Amaiur Cajaraville, Xabier Zeberio, Julen Izarra eta Bixente Martinez musikarien eta Natxo de Felipe, Mikel Urdangarin, Maddi Oihenart, Maite Larburu eta Izaro abeslarien eskutik. Gabon kantu sorta berezi bat ezaguterazteko asmoarekin jaiotako lan berria eta erakargarria da hau, oso ezagunak ez diren kantu interesgarri eta ederrez osaturikoa. Saio paregabea, Sopelan eta Donostian ikusteko aukera egongo da soilik abeslari guztiak taula gainean daudela.

Larunbaterako, abenduak 1,Aukeran Dantza Konpainiaren “Aukeran 20 urte” antolatu da 20:00etan. Ikuskizun honek obra oso ezberdinen zatiak biltzen ditu, hala nola, Bizkaiko hiribilduaren bonbardaketa, bizitzaren oinarrizko momentuen igarotzea eta Maurizia Aldaiturriaga pandereta joleari omenaldia.

Azkenik, astelehenean, abenduak 3, Kukai Dantza konpainiak dantza eta zinema bateratuko ditu “Oskara Plazara” izeneko ikuskizunean. 19:00etatik aurrera, hiru dantzarik “Oskara” ikuskizuneko hainbat pasarte taularatuko dituzte, dokumentalaren proiekzioarekin batera.

Salmenta guneak udaletxea, Sopelarin (Larrabasterra) eta Kurtzio Kultur Etxea dira. Eta internet bidez hurrengo estekan: https://bit.ly/2FEWcyP