Hurrengo igandean, uztailak 15, lasterketa nudistaren XIX. edizioa ospatuko da Sopelan

Beste urte batez, Sopelako Udalak eta Munarri Atletismo Taldeak "Patxi Ros Saria" lasterketa nudistaren edizio berria antolatu dute. Aurtengoa XIX.a izango da eta hurrengo igandean, uztailak 15, ospatuko da Barinatxeko hondartzan.

Lasterketa 13:30etan hasiko da eta jada ohikoa denez, bi kategoria izango ditu: testimoniala, kilometro batekoa eta absolutua, 5 kilometrokoa. Absolutuko lehenengo hirurek saria jasoko dute. Halaber, lasterketako partaide guztiei oparitxoa emango zaie eta domina bana umeei.

Izena ematea, doakoa izango da eta lasterketaren egunean egingo da, Barinatxe hondartzan bertan.