Uda honetan aire zabaleko kirol eta aisialdirako ekintza ugari antolatuko dira Arrietara hondartzan

Uda honetan, BBK-k antolatuta, Sopelako Udalaren laguntzarekin, osasun-gune handi bihurtu nahi dute Arrietarako hondartza. Hala, aire zabaleko kirol eta aisialdirako ekintza sorta zabala antolatuko da. Herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea da helburua, batez ere gure nagusiena, intentsitate handiago edo txikiagoko kirol-jarduerak eskainiz. 

Jarduerak bi txandatan egingo dira, uztaileko eta abuztuko larunbatetan. Goizetan, 11:00 eta 13:30 artean, bereziki 60 urtez gorakoei zuzendutako jarduerak antolatuko dira. Eta arratsaldeetan, 15:30 eta 17:30 artean, familia osoak parte hartzeko modukoa izango da programa. Hondarretan nahiz uretan egiteko pentsaturiko jarduerak izango dira.

Jarduera-programa gustu, adin eta gaitasun fisiko guztietarako prestatu da. Honela, nagusiek mantentzeko gimnastika, pilates, sorbalda osasuntsurako ariketak, erlaxazioa, aerobic, yoguilates edo zirkuitu osasungarriaren artean aukeratu ahal izango dute. Familientzako pentsaturiko programa intentsitate handiagokoa izango da, eta gymkhana, familia-zumba, “altxorraren bila”, multikirola, uretako jolasak, eskulanak edo Herri Kirolak izango dituzte aukeran.