WWW.SOPELA.EUS, udal web orriaren helbide berria

Sopelako Udalaren web orriaren helbide berria WWW.SOPELA.EUS izango da aurrerantzean. Orain arte, udal webgunearen helbidea www.sopelana.net izan da, baina herriko izen ofiziala aldatu zenez urtarrilean, Udalak web orriaren helbidea aldatu behar zuen. Domeinurako aukera ezberdinak aztertu ostean, Sopelako Udalak .EUS domeinua erabiltzea erabaki zuen. Izan ere, abiatu berri den domeinu berri horrek sarean euskara eta euskal kultura bultzatzea du helburu.

.EUS domeinua apirilean hasi zen lanean, eta ekainaren 28an 92 erakundek (erakunde publiko, elkarte, enpresa, norbanako...) .EUS domeinua erabiltzen hasteko aukera izan dute, hots, 92 erakunde aitzindariak dira. Sopelako Udala aitzindarietako bat izango da, eta Bizkaiko udal bakarra izango da.

Hasiera batean, .EUS domeinua aurre-registro egoeran dagoenez, www.sopela.eus helbidea www.sopelaudala.org helbidera berbideratuko da, baina Udalak modu ofizialean WWW.SOPELA.EUS erabiliko du eta helbide horri emango dio lehentasuna agiri guztietan. Www.sopelana.net helbidea ere helbide horretara bideratuko da automatikoki.

Zer da .EUS?

.EUS domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitateaern Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskara eta euskal kultura sustatu eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea kohesionatzea da. .eus, hortaz, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona.

.eus domeinuaren proiektuak 2007an eman zituen lehen urratsak eta 2008an PuntuEus Elkartea eratu zen, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea egituratzeko helburuarekin.