Zu hemen zaude: Hasiera Albisteak 'Sopela' herriko izen ofiziala bihurtzeko urrats bat baino ez da falta

'Sopela' herriko izen ofiziala bihurtzeko urrats bat baino ez da falta

Urrats bat baino ez da falta herriko izen ofiziala "Sopela" izateko. Atzo, abenduak 3 (Euskararen Nazioarteko Eguna), Bizkaiko Batzar Nagusien Batzorde Instituzionalak Sopelako udalbatzak hartutako erabaki berretsi zuen. Orain, urrats bakarra baino ez da falta "Sopelana"-tik "Sopela"-ra igarotzeko: Bizkaiko Batzar Nagusien bilkurak onartu beharko du orain. Data zehatzik ez dago, Batzar Nagusien bilkurek ez dutelako maiztasun finkorik.

Behin Bizkaiko Batzar Nagusien bilkura onartu ostean, izen ofiziala "Sopela" bihurtuko da, hilabeteetako prozedura itxiz. Hau izan da prozesu honen kronologia:

2012. urteko azaroaren 29an Saioa Villanueva Sopelako alkateak Euskaltzaindiari gutuna bidali zion, udalerriko izen ofizialarekin lotura zuten txosten guztiak udaletxean jasotzeko asmoz. Euskaltzaindiak dokumentazioa bidali zuen, eta udalerriko izen zuzena ‘Sopela’ dela berretsi zuen. Hortaz, Sopelako Udal Gobernuak izen aldaketarako prozedurarekin hastea erabaki zuen, eta proposizioa aurkeztu zuen urtarrilaren 21ean ospatu zen Euskara, Hezkuntza eta Kultura Batzordean.

 

Betitxe Saitua aipatutako batzordeburuak hala eskatu ostean, Xabier Kintana Euskaltzaindiako idazkariak eta Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordearen idazkariak batzordean parte hartu zuten. Bertan, alkatetzak egindako proposizioa aztertu zen (izen ofiziala aldatzea proposatzen duena), eta Euskaltzaindiak azken urteetan egindako hainbat ebazpen aztertu ziren:

- 1979an Euskaltzaindiak osatutako Euskal Herriko Udalen izendegian, Euskaltzaindiak onartu eta gomendatu zuen forma ‘Sopela’ izan zen.

- 1986an berretsi egin zuen erabaki hori Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoko herrien izendegian.

- 1987ko urriaren 28an, Onomastika Batzordeko Idazkari eta Euskaltzaindiako Lehendakariorde Jose Luis Lizundiak irizpena eman zuen eta Udal honetara bidali, Sopelako udalerriaren izenean euskal era akademikoa ‘Sopela’ dela argituz, Sopela delako eskualdeko euskaldunek herria izendatzeko erabili duten ohiko forma, toponomastikaren arau orokorrari jarraituz, bokalen arteko n-a galduz. ‘Sopelana’ izena, aldiz, udalerriari deitzeko ‘versión romance’ bezala izendatzen zen.

- 1997. urtean, Euskaltzaindiak irizpen berri bat eman zuen aurrekoa berretsiz.

2013. urteko otsailaren 28an, Sopelako udalbatzak gehiengo absolutuz udalerriaren izena aldatzea onartu zuen, Bildu eta EAJren aldeko botoekin eta PSE eta PPren abstentzioekin. Udal bilkurak birritan berretsi zuen izen aldaketa, eta geroztik, Foru Aldundiaren esku egon da azken urratsak ematea.

Saioa Villanueva Sopelako alkateak udalbatzan irakurritako testua, mozioa onartu ostean:

Gaurkoa egun historikoa da; Sopelako udalbatzak, azkenean, Euskaltzaindiak, euskalgintzak eta sopeloztar euskaldunok etengabe aldarrikatu duguna berretsi du: gure herriaren izena ‘Sopela’ dela, sopeloztarrok izen horregaz identifikatzen dugula gure herriaren izena, ‘Sopela’ gure sentitzen dugula, eta beraz, udalerriko izen ofizialak hori islatu behar duela.

Historikoa diogu, baina ez gure herriko izena gaur aldatuko delako. Ez. Guretzat, gure herriko izena beti izan da ‘Sopela’, hala sentitu dugulako eta euskaraz hala erabili dugulako beti. Baina historikoa da, azkenean gure herriko erakundeak, Udalak hain zuzen ere, sentimendu eta nahi hori modu ofizialean islatuko duelako. ‘Sopela’ erabili dugu sopeloztarrok herriko kaleetan, etxeetan, baserrietan, eskolan... eta orain, Udalak ere hala egingo du, prozesu hau amaierararte heltzen denean.

Izena aldatzeko prozedura legegintzaldi honetan hasi bagenuen ere, ezin dugu ahaztu azken hamarkadetan, sasi guztien gainetik, ‘Sopela’ izena aldarrikatu duten lagunak. Bidean hamaika oztopo topatu arren, aurrera egiten jarraitu duzuenoi. Sopelan euskarak merezi duen begirune eta errespetua aitortzeko lanean jarraitu duzuenoi. Zuentzat gaur Udal honek hartu duen erabakia, azkenean, lortu duzue-eta. Ezina, ekinez egina! 

BIDEO HONETAN SOPELAKO UDALEKO, EUSKO JAURLARITZAKO, EUSKALTZAINDIAKO ETA AITXU! EUSKARA ELKARTEKO ADIERAZPENAK IKUSI AHAL IZANGO DITUZU

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia