Zu hemen zaude: Hasiera Albisteak 'Gabrielen lekua' ikuskizunaz gozatu ahal izango dugu abenduaren 3an

'Gabrielen lekua' ikuskizunaz gozatu ahal izango dugu abenduaren 3an

Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an hain zuzen ere, izen handiko ikuskizun bat izango dugu gurean: "Gabrielen lekua" ikuskizuna. Hitzordua 19:00etan izango da, Kurtzio Kultur Etxean, eta sarrera debalde izango da.

Gabriel Arestiren pertsona eta bere lana eguneratzea du helburu ikuskizun honek. Belaunaldi batzuentzat gogora ekartzea izango da; beste batzuentzat deskubrimendua.

Arestiren lekuak hartu dituzte horretarako ardatz. Bilbo, Baiona, Arantzazu, Atzerria, Ea… euskal literatura, euskal kultura… Eta bere izaeraren zein obraren alderdirik garrantzitsuenak lotuko dituzte leku bat edo bestearekin. Haurtzaroa, euskara ikasteko erabakia hartu zuen unea, bere justizia sozialarekiko kezka, obra literarioa, hainbat pertsonarekiko gutunizketa, euskara batuaren sorrera, bere ideologia. Beti ere, Gabriel Arestirik poliedrikoena azaldu nahian, bere lan oparotasuna, aktibismoak, eztabaidarako zuen joerak isla izango dute emankizunean.

Ordu eta erdi inguruko ikuskizuna izango da. Hainbat kultura adierazpide elkartuko dira oholtzan: musika, bertsolaritza, deklamazioa, ikus-entzunezkoak…eta bi pertsonaiek eramango dute kontakizunaren ardatza. Ikuskizunean denetik izango da, Gabriel Arestiren obraren pasarteekin batera, sortzaileek beren beregi emankizunerako sorturiko lan berriek osatuko dute mamia.

Ikus-entzunezkoak: Alain Urrutia.

Gidoia: Oier Guillan eta Andoni Egaña.

Musika: Rafa Rueda.

Sorkuntza lagun: Xabier Monasterio.

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia