Kiroldegian eta futbol entrenamenduetan ere, euskaraz!

Sopelako Udalak prentsaurrekoa antolatu zuen atzo “Kirolean ere euskaraz” kanpainaren nondik norakoak eta azken urratsak azaltzeko asmoz. Udaletxeko udalbatza aretoan ospatu zen prentsaurrekoan, honakoek parte hartu zuten: Betitxe Saitua (Sopelako Udaleko Euskara Zinegotzia), Koikili Lertxundi (Itzarri Consulting), Mikel Begoña (Aitxu! Euskara Taldea) eta Unai Espina (Serviocio, udal kiroldegia kudeatzen duen enpresa).

Betitxe Saitua euskara zinegotziak azpimarratu zuen legez, prentsaurrekoaren helburua kanpaina honen azken urratsak ezagutzera ematea izan da. Aipatu kanpaina Udalak eta goian aipatutako eragileek antolatu dute, elkarlanean.

“Sopelako Udalak euskararen erabilera normalizatzeko apustu sendoa egin du, eta kirol esparruan orain arte errealitate izan diren ahulguneak gainditzkeo asmoz, kirolean euskaraz leloarekin bat egingo duten hainbat ekimen sustatuko ditu”.

Alde batetik, udalerriko futbol taldeetako entrenamenduetan euskararen erabilera bultzatzea izango da helburuetako bat. Horretarako, Sopelako Udalak eta Koikili Lertxundi futbolaria eta Itzarri Consulting taldeko kideak elkarrekin proiektua abiaraziko dute. Aipatu enpresa hiru urte daroaz euskararen erabilera kirolean bultzatzen.

Erronka potoloa izango da: Ugeraga, Ander Deuna Ikastola eta Zipiriñe eskolaren entrenamenduak euskaraz burutzea, entrenamenduen kalitatea ere bultzatzen den bitartean. Futbol taldeen kategoriak honakoak izango dira: benjaminak, alebinak eta umeena.

Lertxundik saio teoriko eta praktikoak eskainiko dizkie entrenatzaile eta futbolariei: lehenik eta behin saio praktiko eta teorikoak egingo dira entrenatzaileekin (16 entrenatzaile guztira, 11 talde ezberdinetakoak guztiak). 25 orduko saioak izango dira, eta irailean zehar burutuko dira. Bertan, kirol arloko terminologia zehatza ikasi ahal izango dute, entrenamenduak aurrera eramateko erreminta ezberdinak e.a.

Proiektu honen bidez, entrenatzaileek euren entrenamenduen kalitatea hobetzeko aukera izango dura, eta kirolariek kirol arloko euskarazko berbak ikasiko dituzte.

Kiroldegian ere, euskaraz

Beste alde batetik, euskararen erabilera kiroldegian ere bultzatuko da: lehen aldiz, udal kiroldegiak hainbat areto-jarduera euskaraz eskainiko ditu (orain arte umeentzako jarduera batzuk baino ez ditu euskaraz eskaini).

Martxoan, Aitxu! Euskara Taldeak “Sopelako kiroldegian ere euskaraz” kanpaina abiatu zuen, Udalaren eta Serviocio empresaren lankidetzagaz. Apirilean kiroldegiko erabiltzaileen artean inkesta banatu zen, jarduerak euskaraz jasotzeko aukeraz galdetzen, eta emaitza oso argigarria izan zen: inkesta bete zuen %80 euskaraz eskolak jasotzeko nahia agertu zuen.

Inkestaren emaitzak kontuan hartuz, Serviocio enpresak honako erabakiak hartu zituen: langileek erraztasunak izango dituzte euren euskalduntzerako, adingabeen ikastaro guztiak euskaraz eskainiko dira, eta areto-jardueren %50 euskaraz eskainiko da (ikasturte amaieran %70era heldu daiteke).

Sopelako Udalak kanpaina honetan parte hartu eta lagundu duten eragile guztiak eskertu nahi ditu, oso modu berezian Aitxu Euskara Taldeak eta Serviociok egin duten esfortzua eta lana. Eskerrik asko denoi!

PRENTSAURREKOAREN BIDEOA IKUSTEKO EGIN KLIK HEMEN